Iñaki Arzoz eta Ivan Pastor. Hordago-El Salto-ko kideak

«Nafarroan arrakala komunikatibo bat irekitzea da gure asmoa»

Hordago da El Salto hedabide berriaren Nafarroako nodoa. Nafarroari lotuak dira aldizkariaren zenbaki bakoitzeko hamasei orrialde. Egitasmoa sendotzeko 500 bazkide behar dituztela adierazi dute.

urtzi urkizu
2017ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Nafarroako Hordago hedabide berriko —El Salto-ren parte da— erredakzioa eta koordinazioa sei lagunek osatzen dute: Marta Marin, Jon Artza, Arturo Cisneros, Santxikorrota, Ivan Pastor (Iruñea, 1993) eta Iñaki Arzoz (Iruñea, 1966). Kolaboratzaile sarea ere osatzen ari dira pixkanaka. Bihar, Bilbon aurkeztuko dute proiektua Santxikorrotak, Pablo Elorduyk eta Andrea Momoitiok, EHUko zientzia politikoetako mintegian (12:00) eta Ekoetxean (19:00). Iñaki Barcena EHUko irakasleak ere parte hartuko du.

Nafarroan nola sortu da El Saltorekin elkarlana?

IÑAKI ARZOZ: Batzuek Internet bidez jakin genuen proiektuaren berri, eta taldean lagun batek urte askotan kolaboratu du Diagonal-ekin. Haiekin bildu ginen, talde bat osatu genuen, eta tokiko proiektua landu. Arlo asotako pertsonak bildu gara taldean.

Aldizkarian, orrialde batzuk Madrildik idatzita daude, eta beste batzuk, Nafarroatik. Nola antolatzen duzue hori?

IVAN PASTOR: 72 orrialdetatik hamasei dira Nafarroakoak. Proiektua erabat deszentralizatua dago, eta guk erabateko autonomia dugu gure edukiak erabakitzeko. Dosier bat egin ohi dugu, eta gai bati sei orrialde eskaini. Ondoren, kulturarekin eta beste gai batzuekin lotutako gaiak doaz. Kontrazalean beti emakume bat elkarrizketatzen dugu.

Madrilen eta Iruñean idatzitako testuak bat al doaz estilo aldetik eta ideologia aldetik?

I.A.: Bai, noski. Diagonal zenak markatzen du ikuspegia, batez ere soziala, aldarrikapenei tokia egiten diena, transformatzailea. Behetik gizarte mugimenduetan egiten denari arreta jartzen diegu han eta hemen. Estiloan ere homogeneizatzeko lanean ari gara.

Lehen zenbakian, amatasun subrogatuari buruzko iritzi artikulu bat atera duzue, euskaraz. Euskarak toki handiagoa izango al du etorkizunean?

I.P.: Bai. Orain arte iritziko orrialdeetan sartu dugu euskara, baina bigarren zenbakian bestelako edukiak egongo dira euskaraz.

I.A.: Datorren zenbakian, gainera, erreportaje zabal bat aterako dugu euskarak Nafarroan duen egoeraren ingurukoa.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez al dago talderik El Salton murgildu nahi duenik?

I.P.: Oraingoz ez. Bihar, Bilbon egongo gara, Madrilgo El Saltoko lagun batekin eta Pikara Magazine-ko batekin, eta ikusiko dugu zer sor daitekeen. Euskal Autonomia Erkidegoan talde bat sortuko balitz, ez dakigu Euskal Herriko edizio bat osatuko genukeen ala zer erabaki hartuko litzatekeen.

Interneten nola garatuko dira El Salto eta Hordago?

I.P.: Ekainaren erdialdean El Saltoren edizio digitala jarriko da martxan. Apustu deszentralizatzailearekin bat eginaz, webak geolokalizazio sistema bat izango du. Horren bidez, internauta Iruñean sartzen bada tokiko ediziora sartuko da, Zaragozatik sartzen bada Aragoikora... Webgunean ere autonomia izango dugu erabakitzeko azalean zenbat albiste sartu nahi ditugun Nafarroakoak,eta zein El Salto orokorrekoak.

Iruñean ikus-entzunezko eta irrati edukirik egingo al duzue?

I.A.: Oraingoz paperezko edizioarekin eta webarekin nahikoa izango dugu. Baina ikus-entzunezko edukiak lantzeko asmoa dago proiektuan. Gazteak erakartzeko garrantzitsua izan daiteke. Baina pixkanaka-pixkanaka.

Aukerarik ba al dago komunikabide handien diskurtso ofizialei buelta emateko?

I.A.: Badakigu hedabide handiak ditugula aurrez aurre, baina asmoa da arrakala komunikatibo bat irekitzea Nafarroan. Kostatu egingo da irakurle komunitate bat sortzea, baina harrera ona izaten ari gara sortutako edukiekin. Ildo politiko-sozial alternatibo eta autonomo batekin bidea egitea ez da erraza, baina saiatuko gara.

I.P.: Diru laguntzen eta publizitate konpromisoen menpekotasunik gabe ariko den proiektua da gurea. Bazkideen konpromisoaren alde egiten dugu apustu. Eredu hori bideragarria dela uste dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.