Pixkanaka-pixkanaka udako saio freskagarriak telebista kateetako programazioak betez joango dira egunotan. ETB1ek datorren astelehenean estreinatuko du Uda-pasa saio berria. Astelehenetik ostegunera emango dute, zuzenean, 21:20an, uztail eta abuztu osoan. Berezia izango da udako programa hori, Donostiako Aquariumaren gaineko tabernan egingo baitute.
Pausoka ekoiztetxeak egingo du saioa. Nerea Alias izango da aurkezle nagusia. Beñat Uribe-Etxebarria programako zuzendariak iragarri duenez, astelehenetik asteazkenera ordubetekoa izango da saioa, baina ostegunean luzeagoa izango da: bi ordukoa. 23:20 arte luzatuko da ostegunekoa.
Saioa taberna batean girotzeak ezaugarri propioak emango dizkio, Uribe-Etxebarriak esan duenez. «Oso toki politean kokatua dago. Beirate handi bati esker, etengabe izango ditugu kanpoko irudiak. Eta taberna barruan, uda disfrutatu ahalko dugu, itxita sentitu gabe».
Uda-pasa-ko taldean, Ander Malbadi umoristak tabernariarena egingo du. «Freskatzeko, koktelak prestatuko ditu. Eta gosea kentzeko, errezetak ere prestatuko ditu». Astelehenetik asteazkenera, Aritz Mendiola aktore eta musikariak DJ lanak beteko ditu. «Bere jakintza musikala ekarriko du programara». Ostegunetan, berriz, DJ gonbidatua Afrika Bibang izango da, gau horietako bi orduak girotzeko.
Saioak «atezain berezi bat» izango duela ere iragarri dute: Izar Pizarro. Aktore gazte bat da, eta saioko zuzendariak nabarmendu du hark emango diela tabernan ongietorria Aliasi eta gonbidatu guztiei.

Elkarrizketak ere ez dira faltako. Astelehenetik asteazkenera, Aliasek bi gonbidatu elkarrizketatuko ditu; eta ostegunean, hiru.
Itziar Atienza eta Ramon Agirre
Aliasek iragarri duenez, Uda-pasa saioaren tonua «alaia» izango da beti. «Naturaltasunez ariko gara, giro polit batean». Aurkezleak nabarmendu du elkarrizketa saioa ere badela Uda-pasa. «Gonbidatuak oso bereziak izango dira. Saiatuko gara oso jende indartsuarekin elkarrizketak egiten. Nik saiatu nahi dut elkarrizketa arinak egiten, baina pixka bat desberdinak. Ez ditut betiko elkarrizketa serioak egingo, ogibideari buruzkoak». Hain zuzen ere, saio «bizia» egin nahi dute, eta bide horretatik landuko dituzte elkarrizketak ere. «Etxean dagoen jendea gurekin gelditzea nahi dugu. Udan etxean dauden ikus-entzuleek gu aukeratzea, eta saioa gustuz ikustea». Era berean, udako ohiko saioetatik aldentzen ahaleginduko direla nabarmendu du Aliasek. Kolaboratzaileek eta DJek horretan lagunduko diotela iruditzen zaie saioko arduradunei.
Astelehenean, estreinaldiko gauean, Ramon Agirre eta Itziar Atienza aktoreak elkarrizketatuko dituzte. Hain zuzen ere, Atienzarekin Desagertuta telesailaz ariko dira, egun berean estreinatuko baitu Primeran-ek denboraldiko azkeneko atala.

Kaleko berriemaileak ere izango ditu programak. Malen Altuna —Benetan zabiz? podcastaren aurkezlea Aitziber Gradosekin batera—, Xabi Egia eta Luma Otaño Euskal Herriko kaleetan ibiliko dira. Istorio bitxiak eta anekdotak eramango dituzte saiora. Uribe Etxebarriaren arabera, Euskal Herriko herriak eta hiriak jai giroz beteko dira udan. «Baina guk ez dugu jaietan egotearekin konformatu nahi. Aktualitateko kontuak ekarriko dizkigute berriemaileek, eta tokian-tokian dauden istorio bereziak ere bai». Edonola ere, saioaren zuzendariak nabarmendu du Aliasek egindako elkarrizketetan jarri nahi dutela indarra.
Aliasek «ilusio handia» du Uda-pasa saioari ekiteko. «Uda nahiko libre izango nuela uste nuen, baina programa honekin ez da hala izango. Zuzenean ariko naiz ETB1en, eta nire hasieretan ere zuzeneko programa bat egiten aritu nintzen. Zuzeneko bizitasun horri berriro ekitea pozgarria da». Argi du ez duela saioko aurkezle hutsa izan nahi. «Proiektuan inplikatu nahi dut, %100. Halako saio batzuetan aurkezlea aurkezle hutsa da, eta kito, baina nik zerbait gehiago eskaini nahiko nuke. Eta uste dut oso ondo pasatuko dugula».
Abuztu amaieran bukatuko da Uda-pasa. Eta irailean itzuliko da Mihiluze lehiaketa ETB1 kateko gauetara.