Netflixek urrian estreinatuko du 'Un fantasma en la batalla'

ETAn infiltratu zen emakumezko guardia zibil baten istorioa kontatzen du fikziozko filmak. Agustin Diaz Yanesek zuzendu du. Euskal Herrian filmatu zuten.

Susana Abaitua aktorea, 'Un fantasma en la batalla' filmean. NETFLIX
Susana Abaitua aktorea, 'Un fantasma en la batalla' filmean. NETFLIX
urtzi urkizu
2025eko uztailaren 7a
12:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Iazko urrian, Arantxa Etxebarria zinemagilearen La Infiltrada filma estreinatu zuten zinema aretoetan. Lehenbizi ezker abertzalean eta ondotik ETA erakundean infiltratu zen polizia baten istorioa kontatu zuen zinta hark. Urtebete geroago, Netflix plataformak Un fantasma en la batalla filma estreinatuko du aurtengo urrian. Film horretan, emakumezko guardia zibil gazte bat ETAn infiltratuko da, eta hori izango da fikziozko zintaren ardatza. 1990eko eta 2000ko hamarkadetan girotuta egongo da.

Urriaren 3an estreinatuko dute filma Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako zinema areto komertzialetan. Ordainpeko plataformara, berriz, handik bi astera iritsiko da: urriaren 17an.

Agustin Diaz Yanes Espainiako zinemagileak zuzendu du Un fantasma en la batalla. Susana Abaitua aktoreak (Gasteiz, 1990) du rol protagonista: Amaia. Netflixek iragarri duenez, guardia zibila da Amaia, eta ETA barruan murgilduko da agente ezkutu gisa, erakunde armatuak Ipar Euskal Herrian zituen zuloak non zeuden jakin nahian. Euskal Herriko hainbat herritan grabatu zuten filma iazko udaberrian.

Agustin Diaz Yanesen 'Un fantasma en la batalla' filma
Iraia Elias eta Susana Abaitua aktoreak, Agustin Diaz Yanesen 'Un fantasma en la batalla' filmean. NETFLIX

Abaituarekin batera, aktore taldean dira Iraia Elias, Andres Gertrudix, Raul Arevalo eta Ariadna Gil. Ekoizleak Belen Atienza, Sandra Hermida eta J. A. Bayona dira; haiena da La sociedad de la nieve filma, Netflix plataforman arrakasta handia lortu zuen ekoizpena.

Berriki, ETArekin lotutako fikziozko telesail bat estreinatu du Amazon Prime Video plataformak: La Frontera. TVEk ekainean emango zuela iragarri zuen, baina atzeratu egin du estreinaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.