Beste leiho bat ireki du Oarso-Bidasoko Hitza euskarazko komunikabideak: bideopodcastena. Oiartzualdeko eta Behe Bidasoko (Gipuzkoa) gaiak landuko dituzte Zuena da hitza bideopodcastean, eta ahotsa emango diete gazteei, Pasaia, Lezo, Errenteria, Oiartzun, Irun eta Hondarribian bizi diren gazte euskaldunei. Urko Iridoi Alzelai kazetariak gidatuko du bideopodcasta —BERRIAn aritu izan da kazetari, eta azkeneko hilabeteetan Oarso-Bidasoko Hitza-ko erredakzioan ari da tokiko gaiak lantzen—.
Etxebizitzaren gaia landu dute bideopodcastaren lehen atalean. Horretarako, Iridoik Ainhoa Mariezkurrena (Pasaia), Laia Urretabizkaia (Errenteria) eta Patxi Muñoz (Hondarribia) elkarrizketatu ditu. Gazte horietako bakoitzak bere herrian bizi duen egoera azaldu du. Halaber, etxebizitzaren arazoaren bueltako gogoetak eta iritziak plazaratu dituzte. «Oroitarazi dute zaila izango dutela etorkizunean beren herrian bizitzea», azaldu du Iridoik.
2007. urtean zabaldu zuen Youtubeko kanala Oarso-Bidasoko Hitza-k. Eta, hain zuzen, Youtuben ikusi eta entzun ahalko dira Zuena da hitza bideopodcastaren atalak. Youtubeko kanala sortu eta gutxira, Interneteko sare sozialetan profilak sortu zituen euskarazko komunikabideak. «Kazetaritzak berrikuntza eta bilakaera eskatzen ditu gaur egun», dio Iridoik. «Garai berrietara moldatzea, irakurle berrien ohiturak barneratzea, betiere informazio jarioa ahalik eta zabalen hedatuz. Interneteko sare sozialak izan ziren berritasuna garai hartan, eta orain bideopodcastak iritsi dira Oarso-Bidasoko Hitza-ra».
«Entzun eta ikusi. Hori da bideopodcastaren xedea», azaldu du podcastaren aurkezleak. Bi eskualdeetako gaiak jorratuko dituzte, bertan bizi diren pertsonen iritziak bilduz. Bigarren atalean, «fitnessa eta osasun ohiturak» landuko dituzte. Uztailaren hasieran sareratuko dute hori. Ondotik, uda ostean, beste hiru atal iritsiko dira, urtea amaitu aurretik. «Pil-pilean dauden gaiak landu nahi ditugu. Gazteei eragiten dieten gaiak aukeratzen saiatuko gara», iragarri du Iridoik.
1.000. zenbakia argitaratu berri dute
Maiatzaren 15ean, Oarso-Bidasoko Hitza-k paperezko aldizkariaren 1.000. zenbakia argitaratu zuen. Interneteko eskaintzan, bi eskualde horietako sei herrien aktualitatea lantzen dute egunero: Oiartzualdeko herrien txokoa oarsoaldea.hitza.eus ataria da; Irun eta Hondarribikoa, bidasoa.hitza.eus. Irakurleak herriz herri ere topa ditzake artikuluak.
Urko Etxebeste Oarso-Bidasoko Hitza-ko zuzendariak maiatzean BERRIAn adierazi zuen komunitate sendoa dutela, baina irakurle gehiago behar dituztela. «Egitasmoa indartzeko eta etorkizunean jarraipena izateko, ezinbesteko dugu hitzakide gehiago gugana hurbiltzea: ditugun milaka irakurle horiek jarraitzaile soil izateari uztea eta babesle bihurtzea, hitzakide eginez».