Otamendi eta Petxarroman BERRIAkoak saritu dituzte

Kazetarien elkargoak eta elkarteak aitortza egin diote Otamendiren ibilbideari. Ingurumen kazetaritzaren arloan saritu dute Petxarroman

Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetaria. G. RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak Euskal Kazetaritza Sariak banatzen ditu urtero, eta, aurten, Ingurumen Kazetaritzako Saria Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetariari emango diote. Ibilbide Profesionalaren Saria, berriz, Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria-ko eta BERRIAko zuzendari ohiari. Azaroaren 8an egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, Bilbon.

Petxarromanek «pozik» hartu du aitortza: «Urte askotako lanaren aitortza da. AitortzaBERRIArentzat berarentzat dela esango nuke, ingurumen gaiei garrantzia eman dielako hasiera-hasieratik». Lasarte-Orian (Gipuzkoa) jaioa da Petxarroman, 1973an, eta urte luzez landu ditu ingurumenarekin lotutako gaiak. «Niri egokitu zait Egunkaria-n eta BERRIAn bereziki gai horien berri ematea, eta hori saritu du orain kazetarien elkargoak. Beraz, aitortza kolektibo baten moduan jasoko dut, nahiz eta nire izenean jaso», gaineratu du Petxarromanek.

Otamendik hainbat urtez parte hartu du Euskal Kazetariak sarietako hautagaien izenak ematen, Egunkaria-ko eta BERRIAko zuzendari gisa. Azaroaren 8an, ordea, sari bat jasotzea egokituko zaio. Otamendi 1987an hasi zen lanean ETBn, eta hainbat saiotan aritu zen gidoilari, aurkezle eta zuzendari; 1993tik 2003ra, Egunkaria-ko zuzendaria izan zen; eta BERRIAn zuzendari aritu da 2003ko ekainetik aurtengo ekainaren amaieran erretiroa hartu duen arte. Hunkituta jaso du sariaren berri: «Beti da pozgarria sariak jasotzea, are gehiago beste komunikabideetako zuzendarien erabakia bada. Oso eskertuta nago kazetari izaten lagundu didaten lankideekin».

Euskal Kazetariak saria izaten da elkargoak ematen dituen sarien artean nabarmenena. Eta, aurten, sari hori Silvia Intxaurrondori emango diote (Barakaldo, Bizkaia, 1979). Hainbat irratitan eta telebistatan egin du lan Intxaurrondok. 2021etik, TVEko La hora de La1 saioa aurkezten ari da, goizetan. Ez da udazken honetan Intxaurrondok jasoko duen sari bakarra: Ondas sarietan aurkezlerik onenaren saria lortu du. Azaroaren 22an jasoko du.

Adierazpen Askatasunaren Saria Jordi Evole kazetari kataluniarrak irabazi du, No me llame Ternera dokumentalean egindako lanagatik. Ekoizpena Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten.

Aitortza SER-Radio Bilbaori

Komunikabide eta kazetari gehiago ere saritu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkargoak eta elkarteak. Esate baterako, Pertsonaia/Giza Instituzioaren Saria Cadena SER-Radio Bilbaorentzat izan da. Irratiak 90 urte bete ditu berriki.

Kazetaritza Digitalaren Saria, bestalde, Primeran plataformari eman diote. EITB taldeak sortutakoa da, eta euskarazko ikus-entzunezko edukien lehen plataformatzat jo du elkargoak.

Juantxu Rodriguez fotokazetaritzako saria Marivi Ibarrola Errioxako (Espainia) argazkilariari eman diote. Rock taldeen eta artista ezagunen argazkiak atera zituen 1980ko hamarkadan, eta garai hartako hedabide askotan argitaratu ziren; era berean, Yo disparé en los 80 (Nik 80ko hamarkadan egin nuen tiro) lanean daude jasota.

Iaz, Ohorezko Saria sortu zuen kazetari elkargoak. Lehen aldiz, Martin Ugalde zenari eman zioten. Aurten, sari hori Antonio Alvarez Solis kazetariarentzat izango da —2020ko martxoaren 30ean hil zen—. Madrilgoa izan arren, Alvarez Solisek Euskal Herriko komunikabide pribatu eta publikoetan urte luzez egin zuen lana nabarmendu nahi izan du elkargoak.

«Salbuespen gisa», epaimahaiak Yolanda Alicia kazetari eta Tele 7 katearen sortzaile eta zuzendaria ere saritzea erabaki du. «Kazetaritzan bizitza eman izana» aitortuko diote, «tokiko informazioan oinarritutako hurbileko kazetaritza praktikatuz». Bizkaiko tokiko kate bat da Tele 7.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.