Paco Etxeberriaren lantaldeak Cuelgamurosko kriptan egindako lanaz ariko dira etzi La1 katean

TVEk ostiral gauean estreinatuko du 'Cuelgamuros, entre lo difícil y lo imposible' dokumentala. Hobi horretatik atera dituzten hezur batzuk euskal herritarrenak ziren.

'Cuelgamuros, entre lo difícil y lo imposible' dokumentalaren irudi bat. TVE
'Cuelgamuros, entre lo difícil y lo imposible' dokumentalaren irudi bat. TVE
urtzi urkizu
2026ko irailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erorien Harana deitu zuten urte luzez, baina 2022. urtetik Cuelgamuros harana du izena. Francisco Franco diktadorearen aginduz, ehunka langilek bortxaz eraiki zuten obra hura San Lorenzo del Escorialen (Espainia), 1940an hasi eta 1958an amaitu zuten arte. TVEren arabera, 33.800 biktimaren hezurrak daude hango kriptan pilatuta; gehienak, 36ko gerran hildakoak. Frankisten aldekoak zein errepublikaren aldekoak. Azken horien artean, Euskal Herriko dozenaka biktima ere bai. Auzi medikuen talde bat han izan da lanean 2023. urtetik, Paco Etxeberria auzi medikua koordinatzaile dela. Lan horren guztiaren ingurukoak jasotzen ditu RTVEren Cuelgamuros, entre lo difícil y lo imposible dokumentalak (Cuelgamuros, zaila eta ezinezkoaren artean). La1 kateak ostiral gauean estreinatuko du. RTVE Play doako plataforman ere jarriko dute.

TVEko kamerak Cuelgamurosen prestatu zuten laborategian sartu dira, eta dituen bereizgarriak erakutsiko dituzte saioan. Auzi medikuek hitz egiten dute dokumentalean, prozesuaren nondik norakoak esplikatuz. Protagonistek aurre egin behar izan diete askotariko kritika, salaketa eta burokrazia oztopoei, eta hori ere kontatzen dute TVEko programa berezian.

Manu Dieguezek eta Belen Alonso Fernandez-Pachecok zuzendu dute dokumentala, eta Juan Francisco Lage da argazki zuzendaria.

Lorcaren dokumentalari kritikak

Joan den astean, historiari zabaldutako leiho bat ireki zuen ostiraletako programazioan La1 kate publikoak. Lehen emanaldian, Lorca. Las horas perdidas dokumentala estreinatu zuten. Federico Garcia Lorcari buruzko lan horrek makina bat kritika jaso ditu azkeneko egunetan: ARMH memoria historikoa berreskuratzeko elkarteak, kasurako, «lotsagarritzat» jo du dokumentala. «Lorcaren hilketa erabili dute kolpista frankistak 36ko gerraren hasieraz errugabetzeko, eta ardura Espainiako Bigarren Errepublikan jartzeko», deitoratu dute. Dokumentalerako elkarrizketatuetako batek ere kritika gogorrak egin ditu: Victor Fernandez kazetariak esan duenez, telebista publikoak «familia arteko desadostasunei» egotzi die poeta eta antzerkigilearen hilketa. «Lorca politika eremutik atera egin dute une batzuetan, eta jakina da haren konpromisoa agerikoa zela». Bere burua komunistatzat eta anarkistatzat jo zuen Lorcak elkarrizketa batean, faxistek fusilatu zuten urte berean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA