Nazioartean sona handia izan duen animaziozko saioa da Pocoyo. Haur txikiei zuzendutako lan hori hiru dimentsiotako animazio teknologiarekin sortu zuten David Cantollak, Luis Gallegok eta Guillermo Garciak. Erresuma Batuko ITV katean estreinatu zuten 2005ean; ondoren, Hego Euskal Herriko neska-mutikoek TVEko La2 katean ikusi ahal izan zuten 2006ko udazkenean. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako haurrek handik bolada batere ere ikusi ahal izan zuten beste kanal batzuetan. Izan ere, munduko dozenaka herrialdetako kateek emititu dute Pocoyo. Gaurtik aurrera, berriz, lehen aldiz euskaraz ikusi ahal izango da EITBren Makusi plataforma digitalean.
Haur eskolan dagoen mutiko bat da protagonista: Pocoyo. Mundua deskubritzen joango da, eta beste pertsonaia batzuk izango ditu inguruan. Modu librean jolastea du maite. Denboraldiek aurrera egin ahala, egoera berriei aurre egiten ikasten joango da. Atal bakoitza zazpi minutukoa da. Bost denboraldi egin dituzte, baina ohiko atalez gain beste 64 atal berezi ere ekoitzi zituzten.Â
Lehen denboraldiak Zinkia Entertainment ekoiztetxeak egin zituen. Bosgarren denboraldian, aldiz, Frantziako Anima ekoiztetxeak hartu du saioaren ardura. Atal berriak egiten jarraitzen dute.
Berrikuntza gehiago Makusin
Hilabete honetan Makusi plataformak baditu saio berri gehiago. Joan den astean, adibidez, Txiki egiak estreinatu zuten. Hilaren 23an, berriz, euskarara bikoiztutako telesail bat estreinatuko dute: Benedict elkarte misteriotsua. Hilaren 30etik aurrera Loa eta Laia saioaren atal berriak izango dira ikusgai. Euskaratik eta euskaraz sortu dute azken hori, eta era guztietako erronkei egin behar diete aurre Loa eta Laia protagonistek.