Iruñeko eta Baionako festetan aukera galdu baduzu ere, oraindik geratzen diren jaietan ligatzeko galdera bat proposatzen dizut: podcasta ala irratia? Eta ez, saioa nahieran entzuten duten horiek ezin dira podcastzaletzat hartu. Bakoitzak berezko ezaugarriak ditu, nahiz eta hizkuntza berdina erabili. Sortzeko garaian bertan, batek amaiera edo iraungitze-data du eta besteak, berriz, irauteko jaio ohi da. Hala ere, nire ustez, biak gehien bereizten dituena edizioa da, postprodukzioa, zuzeneko batzuetan barne.
Podcasta ala irratia, edo bata eta bestea, eguneko momentuaren edo tokiaren arabera. Goizetan eta autoan, akaso, zuzeneko informazioa edo programaturiko musika; arratsalde eta gau partean, gustuko dugun gai baten inguruko grabazioa, edo goizeko albistegietan entzundako berri txarren ordez, entretenimendua, solasaldi pausatua… Udan, gainera, laguntzen gaitu mendian edota hondartzan jendearen arteko bakardadeaz gozatzen dugun bitartean. Badago eskaintza handia euskaraz eta publiko guztientzat.
Liburu on bat nahiago duenarentzat, aukera interesgarria audioliburuak dira. Ez dira aurreko kategorietan sartzen, baina podcast plataformetan ugaritu dira. Guau plataforman zenbait euskal idazleren eleberriak entzungai ditugu, horietako batzuk egileek beraiek irakurrita. Olerkiak nahiago dituenak ere aukera du Poesia Ttanttak saioan. Ezin esan ez duzula libururik irakurri astirik izan ez duzulako, guztiz bateragarria baita toalla gainean etzanda egotearekin.
Udak ondo pasatzeko eskaintzen dituen paradetako bat ere galdu nahi ez duenarentzat Naiz Irratiko Kosta ala Kosta saioa izan daiteke hautaketa ona. Hirugarren urtez mikroak festaz festa dabiltza, ezer galdu barik eta zuzeneko giroa eramanez. Tokian-tokian ere festen inguruko zuzenekoak izango dira irratietan, eta Bilboko Aste Nagusia, nola ez, Bilbo Hirian.
Gogoratu nahi dut opor garaian komunikazioko ikasle askok badutela mikro aurrean estreinatzeko aukera. Haiei ohartarazten diet behin probatuta harratxoa betiko geratzen dela, eta ez kezkatzeko, hasieran guztiok egin ditugula akatsak. Ziur nago horiek ere irratizale bihurtuko direla, ala podcasteroak. Nork daki.