2013tik ari da BERRIAn lanean Iker Tubia (Iruñea, 1990). Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko podcastean aritu zen Yasmine Khris Maansrirekin batera. Hirugarren denboraldia du Berriketan podcasta egiten. Udako soinuak gogoraraziko ditu asteleheneko atalean, udan ez baita atal berririk izan.
Aldaketa handi batekin bueltatuko da Berriketan: egunerokoa izango da aurrerantzean. Nolakoa izango da zuretzat erronka horri aurre egitea?
Aktualitatearen gainean askoz gehiago egotea eskatuko du. Hau da, aktualitateari adi egongo naiz lehen baino gehiago, bai, baina saiatuko gara ahalik eta hobekien egiten. Denboraldi honetan, BERRIAko ikus-entzunezko taldeko lankide bat ariko da edizio lanetan, eta horrek modua emango digu egunero atal bat ateratzeko.
Aurreko bi denboraldietan zuk kudeatzen zenuen edizioaren partea, ezta?
Bai. Aurrekoetan ni ibili nintzen lan guztiak egiten, eta, beraz, horregatik egiten genituen astean hiru atal. Orain, bi pertsona egonda, errazagoa izango da egunerokoari erantzutea.
Zeintzuk esango zenuke direla Berriketan podcastaren ezaugarri nabarmenenak?
Alde batetik, saiatzen gara aktualitateari modu azkarrean heltzen, baina ez horregatik arin batean. Atal bakoitzean gai bat lantzen dugu. Gai gehienak bolo-bolo ibiltzen diren gaiak izaten dira, eta denbora askorik izan gabe ere gai horretan sakontzeko modu bat da. Hamabost minutu baino gutxiagoko atal batean gako nagusiak ulertu eta jakin beharreko horiek jakiteko. Eta gai batera gerturatu ondoren horretan gehiago sakontzeko modu bat ere bada. Adibidez, BERRIAra jo eta gai hori sakonago aztertzen duen erreportaje luzeago bat irakurrita.
Podcastean, egunkarian argitaratzen diren sail guztietako gaiak lantzen dituzu. Ez dute denak serio-serioak izan behar, baina ezta arinak ere, ezta?
Denetarik ateratzen saiatzen gara, gure egunkarian ere askotariko gaiak agertzen baitira. Batzuk arinagoak dira, noski; beste batzuk, mardulagoak. Eta guztietan saiatzen gara gaia modu ulerterraz batean azaltzen: gako nagusiak identifikatzen, eta denbora mugatu horretan, hamabost minutu baino gutxiagoan, garrantzitsuena behintzat azaltzen. Baina horrek ez du esan nahi atalak arinak direnik. Saiatzen gara gako guztiak hor egon daitezen, eta jakin beharreko guztiak ongi argitzen.
Entzuleek zer feedback eman dizute aurreko bi urteetan?
Askok esan didate lanerako bidean entzuten dutela, edo paseoan ateratzen direlarik. Atalak ez direnez sobera luzeak, horrelako bide motzetarako baliagarriak izan daitezke. Badakit euskaltegiren batean ere erabiltzen dituztela, entzumen ariketak egiteko.
Orain egunerokoa izanik, entzule gehiagorengana iristeko aukera egongo dela uste duzu?
Bai, egunerokoa izateak errazago sortzen ahal du entzuteko ohitura. Egunero entzuten duzun gauza bat errutinaren parte bihurtzen da. Eta, agian, norbaitek kafe hartzen duen bitartean edo gosarian entzuten badu, edo etxera bueltan, lanetik bueltan edo dena delakoan egunero egiten duen paseo batean entzuten baldin badu, bada modu bat jendea fidelizatzeko eta jendeak ohitura hori hartzeko. Hutsuneak edo tarteak daudenean, beti zailagoa da.
Beste hedabide eta egunkari batzuetan egiten dituzte antzeko podcastak. Zein izan ziren zure erreferente garrantzitsuenak podcasta martxan jartzeko orduan?
Duela pare bat urte honekin hasi ginelarik, hutsetik hasi behar genuen, eta zenbait hedabidetan egiten dituzten podcastak izan genituen eredu. Gauzatxoren bat atera genuen Le Monde-tik eta El País-etik. Katalanezko Ara-tik ere bai. Baina niretzat eredurik handiena El Diario.es-ek egiten duen eguneroko podcasta izan da. Hirugarren denboraldirako, haiekin harremanetan jarri gara; lagundu gaituzte, pixka bat haien esperientzia kontatuta, eta behar teknikoak eta horrelakoak azaldu dizkigute.
Esan daiteke bereizita daudela irratia eta podcasta. Baina irratia bizi-bizi dago 2025ean, eta baten batek galdetuko du: ez al da irratia egitea ere podcastgintzan jardutea?
Ezberdintasun nagusietako bat da ez dugula zuzenean egiten, eta, normalean, nahiz eta irratian ere aurrez grabatutako gauzak ematen diren, bat-batekotasun hori dauka irratiak, podcastek ez dutena. Gurean, argi dago: podcast hauek entzun daitezke beste momentu batean, nahiz eta aktualitateari lotuak egon, eta ez diote erantzuten bat-bateko albisteari. Guk gai bati heldu, patxadaz hartu, eta saiatzen gara lantzen ea zeintzuk diren gako nagusiak.
Urte askoan iraungo al du Berriketan podcastak?
Nik hori ezin dut iragarri [barreak]. Espero dut baietz. Eta espero dut jendeak ongi hartuko duela. Uste dut badela modu atsegin bat aktualitatera gerturatzeko. Egunkarira gerturatzeko modu atsegin bat ere bai. Egon daiteke jendea dagoeneko egunkaria hartu eta goitik behera irakurtzea kosta egiten zaiona; hortaz, izan daiteke ate bat, gai baten berri entzun eta gai horretan sakontzeko gogoa pizteko, eta egunkarietara edo bestelako hedabideetara jotzeko. Harrera ona izaten badu, jarraituko dugu.