Primeran-ek bilduma bat osatu du Jose Julian Bakedanoren lanekin

Durangoko zinemagileak zuzendutako hamar film ikus daitezke EITBren doako plataforman.

Jose Julian Bakedano zinemagilea, 2006an. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Jose Julian Bakedano zinemagilea, 2006an. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Primeran doako plataforman lehendik badira euskal zinemagileei buruzko bildumak. Hala, bilduma propioa dute Koldo Almandozek, Berde Produkzioak ekoiztetxeak, Paul Urkijok, Izibene Oñederrak, Asier Altunak, Bego Vicariok, Isabel Herguerak, Lara Izagirrek, Moriarti ekoiztetxeak —Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Aitor Arregi— eta Helena Tabernak. Eta berriki, bilduma berezi bat egin diote Jose Julian Bakedano idazle eta zinemagileari (Durango, Bizkaia, 1948). Bertan ikus daitezke haren lehen lan esperimentalenak eta euskal zinemaren historian oihartzuna izan duten lanak ere.

Ez daude bilduman Bakedanoren film labur eta dokumental guztiak, baina haren zinematografian esanguratsuak diren lan batzuk ikus daitezke EITBren plataforman. Esate baterako, Bi (A Man Ray for Marcel Duchamp) 1972ko film labur esperimentala ikusgai dago, baita Bost (1973) film labur berezia ere. Ikuska bilduman parte hartu zuen Bakedanok, eta 1980an Euskal artistak lana ondu zuen —Ikuskaren 10. film labur hori saritu egin zuten Bilboko Dokumentalen Nazioarteko Jaialdian—.

Jose Maria Uzelai artistaren inguruan egindako Uzelai film laburra ere garai berekoa da, 1981ekoa. Askoz lehenagokoa da, ordea, gaztetan egin zuen The bride of Frankenstein (1968) film labur esperimentala.

Gaizka Urrestirekin batera, Bakedanok Arizmendarrieta, Arrasateko miraria dokumentala zuzendu zuen. Eta La carta del amigo, bestetik, berezia da: gutun bera gaztelaniaz eta euskaraz irakurtzen dute filmeko bi protagonistek.

Lan berrienen artean, Bronwyn (2015) dago. 1966an, Juan Eduardo Cirlot poeta The War Lord filmaren proiekzioan izan zen. Filma ikusi zuenean, Rosemary Forsythek interpretatutako Bronwyn izeneko pertsonaia nagusiarekin maitemindu zen. Eta urteetan zehar poema liburu bat idatzi zuen. Bakedanoren Bronwyn film laburra poema liburu horren birsorkuntza da.

2020koa da, bestetik, Vicente Larrea artistaren inguruan Bakedanok egindako dokumentala. Funtsean, elkarrizketa luze bat da.

'Oraingoz izen gabe' filma

Bakedanoren zinema ibilbideko lan esanguratsuenetako bat, bestalde, Oraingoz izen gabe 1986ko film ertaina da —47 minutuko iraupena du—. Bernardo Atxagak Jorge Luis Borges idazlearen ipuin labur batean oinarrituta idatzi zuen filmeko gidoia. Protagonista nagusiak bizkaieraz mintzo dira, eta honako istorio hau kontatzen du: Manuel lasai bizi da Ramon anaiarekin, baina prostituta bat agertuko da, eta dena aldatuko du. Estherrek tentsioak eta gatazkak sorraraziko ditu anaien artean, eta amaiera zoritxarrekoa da. Filmak landa inguruneko familia harremanak eta emozio erreprimituak aztertzen ditu.

Iro Landaluze Oraingoz izen gabe filmean
Iro Landaluze aktorea, 'Oraingoz izen gabe' filmean (1986). DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Iro Landaluzek eta Felix Arkarazok jokatzen dute bi anaien rola. Esther prostitutarena, berriz, Elene Lizarraldek egiten du. Musika Antton Valverderena eta Peer Rabenena da.

Euskadiko Filmategiak 1980ko hamarkadako lau euskal film zaharberritu zituen iaz, Boloniako (Italia) L'immagine Ritrovana laborategian. Bakedanoren Oraingoz izen gabe izan zen lau horietako bat, Alfonso Ungriaren 100 metro, Xabier Elorriagaren Zergatik panpox eta Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez filmekin batera. Ondotik, Donostiako Zinemaldian proiektatu zituzten irailean, Klasikoak sailaren barne. Hortaz, orain Primeran plataformara zaharberrituta iritsi da Oraingoz izen gabe. Bakedano «oso pozik» mintzatu zen lanen zaharberritzearen aurkezpenean. «Malenkonia pixka bat ere sentitzen dut. Pena ematen dit ez dudalako fikziozko lan gehiago egin». 77 urte ditu zinemagileak.

Bakedano Bilboko Dokumental eta Film Laburren Lehiaketako zuzendari eta Bilboko Arte Ederretako Ikus-entzunezkoen Saileko zuzendaria izan zen, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.