Primeran-ek 'Odol ilargia' telesaila estreinatuko du ostiralean

David. R Losadak zuzendutako lehen telesaila fantasia kutsua duen thriller bat da. «Trauma baten azpian dagoen isiltasunari buruzkoa da», iragarri du. Bost atal ditu, eta hiru ostiraletan sareratuko dituzte.

'Odol Ilargia' euskarazko telesaila aurkeztu dute gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
'Odol Ilargia' euskarazko telesaila aurkeztu dute gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2026ko irailaren 23a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Adiskidetasunaz, identitateaz eta norbere nortasuna eraikitzeaz hitz egiten du telesailak. Gure desioek eta besteek gugan jartzen duten itxaropenek talka egiten duten uneaz ere bai». Gorka Garcia EITBko Arte eta Entretenimendu zuzendariaren hitzak dira. EITBk Donostian aurkeztu du gaur David R. Losada zinemagilearen lehen telesaila: Odol ilargia. EITB Galan Principe zinema aretoetan emango dituzte lehen bi atalak gaur arratsaldean, eta ostiraletik aurrera Primeran plataforma digitalean izango dira ikusgai. Urriaren 1ean sareratuko dituzte hirugarren eta laugarren atalak; eta urriaren 8an iritsiko da plataformara bosgarren eta azken atala.

Losadak azaldu duenez, gai tabu bat bada telesailean. «Bi mutil protagonistetako batek trauma sakon bat du bere barruan. Eta telesaila trauma baten azpian dagoen isiltasunari buruzkoa da. Entzuteko beharraz ere hitz egiten du Odol ilargia-k».

Belen Martinez idazlearen Cuando reescribamos la historia eleberrian (Historia berriro idazten dugunean) eleberrian oinarritzen da telesaila, eta harekin oso eskertuta mintzatu da Losada: «Martinezek enpatia eta sentisibilitate handiz lantzen ditu gaiak. Maitasun handiz tratatzen ditu pertsonaiak. Gu ere hori mantentzen saiatu gara: gure tresnak enpatia eta sentsibilitatea izan dira».

Euskarazko telesail berriaren bi aktore protagonistak ere mintzatu dira aurkezpenean. «Emozio oso politarekin tratatzen dira gazteen gatazkak», esan du Jon Muñozek. «Asko gustatuko litzaidake euskal gazteek telesail hau ikustea, eta haientzat besarkada bat izatea nahiko nuke». Gaineratu du gatazka «oso gogorrak» lantzen direla istorioan, baina badagoela tokia komediarentzat ere. Aritz Kortabarriak nabarmendu du «oso erraza» egin zaiola istorioan sartzea. «Gazte guztiak elkar lagunduta sentitzea da telesailaren funtsa. Telesail hau garrantzitsua da ikus-entzule gazteentzat, baina baita nerabeen gurasoentzat ere, uler dezaten haien seme-alabek zer arazo dituzten».

Bi aktore horiekin batera, Nekane Otxoa da beste protagonistetako bat. Aktore taldean dira, besteak beste, Sambou Diaby, Mikele Arizkorreta, Asier Valdestilla, Itziar de Castro, Lier Alava, Nera Sanz, Mikel Tello eta Miriam del Prado. Telesailean agertzen dira Aitor Borobia, Iraia Elias, Iñigo Aranburu eta Miriam Cabeza aktoreak ere.

Gidoien egileak Losada bera eta Mikel Alvarez Sarriegi dira. Baleuko ekoiztetxearen lan bat da Odol ilargia. Aurkezpenean izan dira Idurre Cajaraville eta Eider Gabilondo ekoizleak.

Musikak telesailean duen presentzia ere nabarmendu beharrekoa da, Losadaren aburuz: «Elena Setienen eta Rudigerren soinu banda daukagu. Baina beste euskal talde batzuen kanta pilo bat aukeratu ditugu. Musika tresna garrantzitsua izan da pertsonaiak ulertzeko». Muñoz aktoreak arrazoia eman dio: «Aktoreontzat musika baliagarria izan da atmosferetan sartzeko».

EITBk sormen prozesuan parte hartu du

Vanesa Fernandez Guerra EITBko Kultura eta Euskara zuzendariak adierazi du talde publikoak «sendo» eusten diola euskal fikzio seriatuarekin, hau da, telesailekin duten konpromisoarekin. «Pozgarria da oso ETBrentzat euskal fikzio seriatuaren beste emaitza bat aurkeztea, non eta Donostiako Zinemaldian». Azaldu duenez, EITBk telesailen sormen prozesuan ere parte hartzen du. «Kasu honetan, partekatu dugun lan prozesua oso aberasgarria izan da. Balioa eman behar diogu Euskal Herriko profesionalen mailari: beste behin ee, apartekoa da. Harro egoteko moduko profesionalak ditugu».

Gorka Garcia EITBko Arte eta Entretenimendu zuzendariak adierazi du Odol ilargia «euskal talentuz hornitutako thriller bat» dela. «Bide honek euskal ikus-entzunezko unibertsoa aberasten eta indartzen jarraituko du. Telesail berri hau horren adibide ederra da». Garciak aurkezpenean eman du datua: 234.000 harpidedun ditu jada Primeran plataformak. «Komunitatea sendotzen ari da. EITBk jarraitu nahi du zera egiten: kalitatezko edukiak sortu, talentuari aukerak eman eta publiko berriengana iritsi».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA