Primeran plataformak 'speed dating' bat estreinatu du: 'Spoiler maitea'

Bi lagun aurrez aurre eseriko dira hitzordu batean. Euskal Herriko 50 lagunek parte hartu dute. Lehen bi atalak ikusgai dira. Denboraldiak zortzi atal izango ditu.

'Spoiler maitea' saio berria. PRIMERAN
'Spoiler maitea' saio berria. PRIMERAN
urtzi urkizu
2026ko otsailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Thinketers ekoiztetxearen eskutik, EITBren Primeran doako plataformak Spoiler maitea izeneko saioa estreinatu du gaur. Speed dating izeneko formatuko programa bat da; hau da, hitzordu laburrena. Spoiler maitea saioaren lehen denboraldiak 30 minutuko zortzi atal izango ditu. Aurreneko biak ikusgai dira jada.

Parte hartzaileak 18-35 urte artekoak dira. Protagonistak aurrez aurre jarriko dituzte, aldiro bi lagun, aulki banatan eserita. Hitzordu labur horretan, egia ezeroso bat edo spoiler bat jakingo dute parez pare duten lagunarena. Lehen hitzordu batean konfesatuko ez luketen zerbait izango da gehienetan. Horretarako, spoiler pantailak izango dituzte saioko platoan. Formatuaren oinarrizko galdera hau da: «Zer gertatuko litzateke lehen zitan gure aitortu gabeko egiak agertuko balira?».

Hitzordu laburrean, bi gazte elkar ezagutzen hasiko dira. Spoiler bakoitza agertzen denean, lehiakide batek bestearen sekretutxoa irakurri eta komentatu egingo du. Lehiakide horrek, era berean, aukera izango du botoi gorria sakatu, hitzordua eten, eta beste pertsona bat ezagutzera joateko. Halako spoiler edo sekretuek aukera emango diete parte hartzaileei askotariko elkarrizketak izateko. Gustuak eta zaletasunak, iraganeko harremanak, sexua, datu bitxiak, familiaren ingurukoak, fobiak eta red flag (seinale gorriak) deiturikoak —pertsona bat ezagutzeko garaian uxagarri suerta daitezkeen jarrerak—. 

Lehiakide batek hiru hitzordu jarraian eteteko erabakia hartzen baldin badu, lehiakide hori bera geldituko da kaleratuta saioan. Parte hartzaileek hainbat spoiler pasatzen baldin badituzte, eta bidean ez bada botoi gorria sakatzen, azkeneko galderaren txanda iritsiko da. Bi lagun hitzorduaren amaierara iristen baldin badira, galdera hauxe izango da: «Jarraitu nahi al duzu pertsona hori ezagutzen?». Bi lagun horiek erabaki beharko dute handik elkarrekin joaten diren ala bakoitzak bere bidean jarraitzen duen. Edonola ere, saioan beste hitzordu baten kontakizuna hasiko da.

EITBk iragarri du 50 gaztek bat egingo dutela «esperimenturik dibertigarrienean». Zita bizkorren kontzeptuan oinarrituta, saio «fresko, dibertigarri, berritzaile eta inklusiboa» dela nabarnendu du Primeran plataformak. 

'Spoiler maitea' saioaren trailerra.

Atzo iluntzean aurrestreinaldi berezia egin zuten Bilboko Bilborock aretoan, Alex Padillak aurkeztuta. Han izan ziren parte hartzaileetako batzuk.

'ERROTATIBA' FILM LABURRA, PRIMERAN-EN IKUSGAI

Primeran plataformak beste lan batzuk ere sareratu ditu egunotan. Kasurako, Iratxe Fresneda zinemagilearen Errotatiba film laburra jarri dute zerbitzu digitaleko katalogoan. Egin egunkariaren itxiera ardatz nagusitzat hartuta, oroimenaren hauskortasunaz eta hura babesteko gizakiak sortzen dituen lekuei buruzko film laburra da Errotatiba. Pimpi & Nella Films, Txelu Medina eta Fresneda bera dira film laburraren ekoizleak. Egin-en egoitza zaharreko irudiak ageri dira bertan. 2024ko Kimuak katalogoan hautatu zuten. Gaztea Kabia proiektuko atal berria ere igo dute plataformara: Marte Lasarte taldeko musikariak eta Sila Lula elkartu dituzte, eta Errepide kanta sortu dute elkarrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.