Protesta artean, Israel Eurovisioneko finalean lehiatuko da bihar

Bigarren finalerdian kantatu zuen atzo gauean Israelgo ordezkariak, Yuval Raphalek. Publikoak Palestinako hainbat bandera atera zituen. Bandera hori debekatua dago jaialdian, eta sei ikusle kanporatu egin zituzten.

Palestinako bandera bat, atzo, Israelgo ordezkaria Eurovisioneko finalerdian kantuan ari zela. BERRIA
Palestinako bandera bat, atzo, Israelgo ordezkaria Eurovisioneko finalerdian kantuan ari zela. BERRIA
urtzi urkizu
2025eko maiatzaren 16a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Israelgo bandera onartua dago, baina Palestinakoa ez. Ezta ikurrina ere. Eurovisionen arauak dira. Bihar gauean egingo dute Eurovision musika jaialdiko finala, Basilean (Suitza). 26 herrialde lehiatuko dira final horretan, eta Israelgo ordezkariak laugarren tokian kantatuko du. Aurreko egunetan protestak izan dira Israelek parte hartuko duelako, eta datozen orduetarako ere espero dira.

Atzo gauean bigarren finalerdia egin zuten Basilean. Yuval Raphael Israelgo ordezkariak kantatu zuenean, txistu ugari izan ziren, baina Europako Irrati-Telebisten Batasunak estali eta isilarazi egin zituen txistu horiek. Baita protestak ere. Izan ere, publikoan ziren hainbat herritarrek Palestinako banderak altxatu zituzten finalerdiaren entseguan —jaialdian debekatuak daude estatuenak ez diren banderak—, Israelgo ordezkaria abesten ari zenean. Suitzako telebistak jakinarazi duenez, publikoan ziren sei herritar kaleratu egin zituzten auditoriumetik, protestagatik.

Yuval Raphael Israelgo ordezkaria Eurovisioneko finalerdian kantuan
Yuval Raphael Israelgo ordezkaria, Eurovisioneko finalerdian kantuan, atzo, Basilean. GEORGIOS KEFALAS / EFE

Aurreko egunetan ere zeresana eman du Israelen parte hartzeak. Hain zuzen ere, Eurovision jaialdian parte hartu duten 70 artistak baino gehiagok agiri bat plazaratu zuten Israel jaialditik at uzteko eskatzeko. «Eurovisionek ezin du balio gizateriaren aurkako krimenak estaltzeko», salatu zuten artistek.

Islandiako, Espainiako eta Esloveniako telebista publikoek Israelen parte hartzearen inguruko barne eztabaida bat abiatzeko eskatu zioten Europako Irrati-telebisten Batasunari. Beste alde batetik, finalerdien emankizunetan telebista batzuek argi adierazi dute iritzia; esaterako, Flandriako VRT kate publikoak mezu hau zabaldu zuen astearteko finalerdiaren aurretik: «Israelek botoa du; Palestinako herriak, ez». Beste telebista batzuetako esatariek, bestalde, Gazan Israelek hil dituen palestinarrak gogoratu dituzte Yuval Raphael ordezkari israeldarraren txanda iritsi denean.

Iaz ere protestak izan ziren Malmon (Suedia), Eurovisionen finalaren atarian. Manifestazioak egin zituzten kalean. Eta Eden Golan ordezkari israeldarrak kantatu zuenean, txistu eta oihu ugari izan ziren. Bosgarren tokian amaitu zuen Israelek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.