'Pubertat' katalanezko telesaila estreinatuko dute gaur HBO Max plataforman

Leticia Dolerak sortu, zuzendu eta interpretatu du telesaila, 3Cat-en koprodukzioarekin. Sei kapitulu emitituko dituzte guztira, astero bat.

'Pubertat' telesailaren aurkezpena, astelehenean, Donostiako Kursaal jauregian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
'Pubertat' telesailaren aurkezpena, astelehenean, Donostiako Kursaal jauregian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2025eko irailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Helduok nerabeentzako ispilu ona al gara?». Horixe bera galdetu zion bere buruari Leticia Dolera aktore eta zinemagileak Pubertat telesaila ekoizteko garaian. 13 eta 14 urteko hiru nerabe sexu eraso bat egiteaz salatu dituzte sare sozialetan. Familiak banatu egin dira, eta, egiari ez ezik, beren mugei eta erantzukizunei aurre egitera behartzen ditu gertatutakoak. 

«Ni ez naiz ama, baina uste dut heldu guztiok kezkatu behar dugula nerabe guztiez. Ez zaitu zure semeak edo alabak bakarrik kezkatu behar. Nik erantzukizun eta enpatia hori sentitzen dut, niri ere axola zaizkidalako neska-mutil horiek», adierazi du zinemagileak. Haren ustez, gai «konplexua» da; horregatik, aurrez, besteak beste, psikologoekin, abokatuekin, fiskalekin, familiekin eta haien seme-alabekin hitz egin du, «dokumentatzeko».

Emakume, ama eta feminista bat da istorioko protagonistetako bat. Sexu eraso bat egitea leporatu diote haren semeari. Ama horrek hori nola bizi duen kontatzea «garrantzitsua» dela iruditzen zaio zinemagileari: «Askotan pentsatzen dugu erasotzaileak izaki arraro batzuk direla, baina, egia esan, erasotzailea gure anaia, semea, laguna edo lehengusua izan daiteke. Maite ditugun pertsonak dira, eta zure inguruko norbait sexu erasotzaile bat izan bada, ez da desagertuko harenganako sentitzen duzun maitasuna. Gogorra da, baina hori horrela da». 

Bestalde, belaunaldien arteko transmisioaz ere aritzen da telesailean. Dolerarentzat «garrantzitsua» da, sare sozialez eta pornografiaz ez ezik, familiaz ere hitz egitea, «nerabeen psikologiaren eraikuntzan zuzenean esku hartzen duelako». Zinemagileak azaldu du helduok eragina dugula nerabeengan: «Belaunaldiz belaunaldi errepikatzen diren patroiak daude. Familiako bazkarietan izaten ditugun elkarrizketa batzuek eragin egiten diete haurrei. Entzuten dute zer esaten dugun. Dena hautematen dute». 

«'Pubertat'-ek duen gauzarik onena zera da, ez duela epaitzen. Maitasunez eta enpatiaz eginda dago, eta gaia gehiago ulertzeko gogoa ardatz duela»

BETSY TURNEZ Aktorea

Betsy Turnez aktoreak honako hau gehitu nahi izan du telesailaz: «Pubertat-ek duen gauzarik onena zera da, ez duela epaitzen. Maitasunez eta enpatiaz eginda dago, eta gaia gehiago ulertzeko gogoa ardatz duela».

Castell dorrea

Familia eta beste gai batzuk istorioaren zati handi bat diren arren, kolektibitateak eta tradizioak ere garrantzia dute telesailean. Dolerak azaldu du zergatik nabarmendu nahi izan ditu gai horiek: «Hasieratik argi izan nuen herri kulturaren esparrua markatu nahi nuela, tradizioaren eta aurrerabidearen arteko elkarbizitza hori erakutsi nahi nuelako».  

Istorioa herri kulturaren zein esparrutan gerta zitekeen pentsatzen hasita, castell baten irudia etorri zitzaion burura zinemagileari, «modu naturalean» Kataluniako herri kulturan pentsatu baitzuen. Doleraren ustez, telesailaren «bihotz filosofikoa eta arima» gordetzen ditu: «Castell-ak iraultzaileak direla iruditzen zait. Indibidualismoa nagusi den garai hauetan, kolektibitatea aldarrikatzen dute; pantailen garai hauetan, presentzialtasuna aldarrikatzen dute, castell bat ezin baita Zoom bidez egin». 

«Castell bat hauskorra da. Taldea ez badago ondo, dorrea erori egingo da. Gizartea eta familia loturak bezala, hauskorra da»

LETICIA DOLERA Zinemagilea eta aktorea

Talde lanak duen garrantzia islatzen du castell batek, zinemagilearen iritziz: «Castell bat hauskorra da. Taldea ez badago ondo, dorrea erori egingo da. Gizartea eta familia loturak bezala, hauskorra da». Horregatik, komunitatearen balioa «garrantzitsua» da bere ustez, barneko gatazka batek familiei eta komunitate osoari eragiten baitie telesailean. 

Familian ikusteko

Aktoreek uste dute telesail «perfektua» dela gurasoek beren seme-alabekin batera ikusteko. «Telesaila lagungarria gerta daiteke gurasoen eta seme-alaben arteko zenbait elkarrizketa sortzeko. Uste dut gai asko heredatzen ditugula tabu gisa», azaldu du Jean Cruz aktoreak. 

Dolerak ispiluaren inguruan egindako galderari erantzunez eman dio amaiera aurkezpenari Alexandra Russo aktoreak: «Telesailean argi eta garbi islatzen da ispiluari buruz esan dutena: gordina izan daiteke, baina benetakoa da. Nahiago nuke etxe guztietan ikusi ahal izango balitz, errealitatea hala ikusita, gai zarelako etxean gertatzen diren gauzak ulertzeko, eta neurri batzuk hartzeko, edota laguntza eskatzeko. Guraso, semea edo alaba, aitona edo amona, gizon edo emakume izan, gure haurrei uzten diegun isla da Pubertat».

Telesailak 3Cat-en laguntza jaso du. Gaur estreinatuko dute HBO Max plataforman, eta atal bat emitituko dute astero, seigarrenera iritsi arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.