A Punt jomugan, Mazonen aurkako manifestazioaren orduan zezenketa bat eman zutelako

Valentziako telebistako langile batzordeek presidentearen eta zuzendaritzaren dimisioa eskatu dute; izan ere, manifestazioaren berri ez emanda argi utzi dute ez direla gai zerbitzu publikoa kudeatzeko.

Carlos Mazonen aurkako manifestazioa Valentzian, larunbatean. BIEL ALIÑO / EFE
Carlos Mazonen aurkako manifestazioa Valentzian, larunbatean. BIEL ALIÑO / EFE
urtzi urkizu
2025eko urriaren 27a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tanta hotzak hondamendia eragin zuen duela urtebete Valentzian (Herrialde Katalanak), eta azkeneko hilabeteetan herritarrak protesta jendetsuak egiten ari dira Valentziako Generalitateak egun haietan egin zuen kudeaketa salatzeko. Joan den larunbatean, kasurako, manifestazio oso handi bat egin zuten Valentziako kaleetan, eta Generalitateko presidente Carlos Mazonen (PPkoa da) dimisioa eskatu zuten. Protesta egin zuten orduetan, A Punt telebista publikoak zezenketa bat emititu zuen. Erreakzio ugari eragin ditu horrek. Langileek, sindikatuek eta oposizioko alderdi politikoek gogor jo dute A Punteko zuzendaritzaren jokabidearen aurka.

A Punteko langile batzordeek telebistako presidentearen eta zuzendaritzaren dimisioa eskatu dute. Diotenez, manifestazioaren berri ez emateak erakusten du talde publikoa ez dela gai zerbitzu publikoa kudeatzeko. Langileak Interneteko sare sozialetan #LaPlantillaÀPnoCalla traola erabiltzen ari dira egoera salatzeko, eta diote «erabat lotsatuta» daudela manifestazioaren orduan A Puntek zezenketa bat eman zuelako.

A Punt telebistako zuzendaritzak Efe agentziari esan dio manifestazioaren berri eman zutela sare sozialetan eta irrati buletinetan, eta gaueko albistegian berri nagusia izan zela. PSPV-PSOE, Compromis eta Ens Uneix alderdiko ordezkariek gogor kritikatu dute A Punt telebista.

Unio de Periodistes Valencians kazetari elkarteak babesa azaldu die telebistako langileei. «Bukatu da manipulazioa, eta irrati eta telebistaren degradazioa; aski da!», diote. Elkarteak Vicente Ordaz irrati-telebistako presidentearen agerraldia eskatu du Valentziako Gorteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.