Sanchezen eta Feijooren eztabaidak %59,2ko ikusle kuota izan du EAEn, eta %66,4koa Nafarroan

Espainiako Telebista Akademiak antolatu zuen eztabaida, eta kate ugarik eman zuten. Aurreko asteetan, entretenimendu saioetan hautagai politiko batzuei egindako elkarrizketek ikusle ugari bereganatu dituzte.

Bi herritar Sanchezen eta Feijooren eztabaida ikusten, bart, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Bi herritar Sanchezen eta Feijooren eztabaida ikusten, bart, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
urtzi urkizu
2026ko azaroaren 20a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikusmin handia piztu zuen atzo gauean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEren hautagai eta Alberto Nuñez Feijoo PPkoaren arteko telebista eztabaidak. Ikusle datuek hala diote, behintzat. EAEn, %59,2ko ikusle kuota izan zuen emanaldiak; Nafarroan, berriz, %66koa. Hego Euskal Herrian ikus daitezkeen kate jeneralista espaniar guztietan eman zuten saio bera.

Katalunian, eztabaidak %56,2ko kuota izan zuen; eta Galizian, %64,5ekoa.

Kate guztiak eta Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako datuak batuta, eztabaidak hamar milioi ikus-entzule izan zituen; ia hamasei milioi herritarrek ikusi zuten momenturen batean. Hogei telebista katek eman zuten eztabaida.

ETB1 katean bost talde politikotako hautagaiekin eztabaida egin zuten atzo gauean, eta %2,6ko ikusle kuota izan zuen EAEn; egun osoaren batez besteko kuota %1,3 izan zen.

Hauteskunde kanpainako bigarren astean, ETB2ko gaztelaniazko eztabaida Dani Alvarez Teleberri-ko aurkezleak gidatuko du, hilaren 24an —Radio Euskadi eta Radio Vitoria irratiek ere emango dute—. Horretan, PSE-EEko, EAJko, EH Bilduko, PPko eta Fronte Zabaleko ordezkariak ariko dira eztabaidan.

TVEn, bestalde, datorren astelehenean eztabaida bat egingo dute zazpi hautagairekin: Ester Muñoz (PP), Patxi Lopez (PSOE), Pepa Millan (Vox), Emilio Delgado (Fronte Zabala), Gabriel Rufian (ERC), Oskar Matute (EH Bildu) eta Maribel Vaquero (EAJ).

'La Revuelta'-ko saioen datuak

Hauteskunde kanpaina ofizialki hasi aurretik, zenbait entretenimendu saiotan Espainiako alderdien hautagaiak gonbidatu zituzten. Eta horietako gehienek ikusle datu oso handiak izan zituzten EAEn. Horren erakusgarri, urriaren 22an, Pedro Sanchezi La Revuelta saioan (La1) egin zioten elkarrizketak %42,6ko ikusle kuota izan zuen Euskal Auronomia Erkidegoan; Sanchez bera TVEko El perro andaluz saiora joan zen azaroaren 12an, eta %29,1eko ikusle kuota izan zuen.

Askoz txikiagoa izan zen Nuñez Feijoori El hormiguero saioan (Antena3) egin zioten elkarrizketaren oihartzuna: %12ko ikusle kuota EAEn.

Santigo Abascal La revuelta saioan
Santigo Abascal Vox alderdiko hautagaia, 'La revuelta' saioan, azaroaren 9an. RTVE / EFE

Vox eskuin muturreko alderdiko Santiago Abascal La Revuelta saioan agertu zen azaroaren 9an, eta %34,5eko ikusle kuota izan zuen EAEn. Baina datuez harago, zeresan handia eman zuen programa ohiko publikoarekin grabatu ez izanak, baizik eta Vox alderdiak berak agentzia baten bidez eramandako publikoarekin. TVEk men egin zien Abascalen alderdiaren exijentziei. Eta Vox gero kexu agertu zen, elkarrizketako 40 minutu eman ez zituztelako.

La Revuelta-n bertan, Gabriel Rufiani (ERC) eta Irene Monterori (Podemos) elkarrizketa egin zieten urriaren 27an: %31,6ko ikusle kuota izan zuen EAEn. Antzeko datua izan zuen Fronte Zabaleko hautagai Ada Colauk, azaroaren 10ean: %32,2koa.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA