Susana Abaitua, Ane Gabarain eta Kandido Uranga, HBOren telesail batean

'Infamia' telesail berria Bizkaiko zenbait natur parajetan ari dira grabatzen. EITBren partaidetza ere badu lanak. Ledicia Costasen izen bereko liburuan dago oinarrituta.

Susana Abaitua aktorea, 'Infamia' telesailean. DAVID HERRANZ / HBO
Susana Abaitua aktorea, 'Infamia' telesailean. DAVID HERRANZ / HBO
urtzi urkizu
2026ko martxoaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Galiziako herri txiki batean dago girotuta Ledicia Costas idazlearen Infamia eleberria. Ikus-entzunezko bertsioan, berriz, Evafilms ekoiztetxeak Bizkaiko herri batean kokatu du istorioa. Bizkaiko zenbait natur parajetan eta herritan ari dira Infamia telesail berria grabatzen, eta herri baten izena asmatu dute istorioa kokatzeko: Ura. Bertan, Emma Cruz izeneko abokatu bat itsututa dabil konpondu gabeko auzi batekin: duela hogei urte desagertu ziren bi neskaren auzia. Protagonistak bere trauma propioa ere badu, haurra zenean ahizpa hil baitzitzaion. Abokatuaren bilaketak eta haren barne mamuek harilkatuko dute sei ataleko telesaila.

Susana Abaituak (Gasteiz, 1990) jokatzen du abokatu protagonistaren rola. Abaituak Sé quien eres, Patria, Los Farad eta beste telesail batzuetan parte hartu du. Agustin Diaz Yanesen Un fantasma en la batalla filmeko (2025) aktore protagonista ere bada.

Taldean dira, era berean, Jorge Bosch, Jon Olivares, Ane Gabarain, Iñigo Gastesi, Iñigo Azpitarte, Eva Llorach, Asier Oruesagasti, Luis Gnecco eta Kandido Uranga aktoreak.

Ane Gabarain aktorea
Ane Gabarain aktorea, Donostian, 2021ean. JON URBE / FOKU

Gidoiak Manuel Gancedok eta Eduardo Torallasek idatzi dituzte. Zuzendariak Agustina Macri eta Beatriz Sanchis dira. Muntaketaren arduraduna, berriz, Vicky Lammers da.

Aitor Etxebarriaren musika

Aktore taldean ez ezik, musikan ere bada euskaldunik. Aitor Etxebarria musikariak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1985) sortuko du telesailaren soinu banda. Azkeneko urteetan telesail eta film esanguratsu batzuen musika ondu du Etxebarriak: Hondar ahoak, Zeru ahoak eta Furia telesailak, Karmele filma, Popel dokumentala...

Infamia-k EITBren parte hartzea du, baina HBO Max ordainpeko plataformak eman ditu fikzio lanaren gaineko xehetasunak. Azaldu dutenez, Bizkaiko honako toki hauetan ari dira grabatzen: Gorbeiako natur parkea, Itxina mendia, Urkiolako natur parkea, Enkarterriko eskualdea, Urdaibaiko biosfera, Barrikako flyscha...Orozkon, Areatzan eta Turtziozen ere filmatuko dute. Madrilen ere egingo dituzte beste grabaketa batzuk.

Telesailerako sortu duten Ura fikziozko herriari dagokionez, HBO Max plataformak azaldu du toki berezia irudikatu dutela: «Lurrari eta historiari oso lotuta dago, eta kontakizunaren pertsonaia garrantzitsu bilakatuko da herria bera».

Ez da lehen aldia HBOk telesail bat Euskal Herrian grabatzen duena. Fernando Aranbururen Patria liburuan oinarritutako izen bereko telesaila Gipuzkoan filmatu zuten, eta 2020. urtean estreinatu. Abaitua, Gabarain eta Olivares ageri ziren fikzio lan hartan ere, Elena Iruretarekin eta Jose Ramon Soroizekin batera. Gaztelaniazkoa zen hura, eta hala izango da Infamia ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.