Gladys sariak teknologiaren arloan lan egiten duten emakumeak saritzen ditu —Harritxu Gete ikertzaileari eman diote aurtengoa—. Ekinaldi horretan bat egiten dute EITBk, Puntueus fundazioak eta EHUren Informatika fakultateak, eta, sariaren beraren osagarri, bideopodcast bat egiteko ideia izan zuten. Deialdia egin zuen EITBk, eta Hiru Damatxo ekoiztetxeak irabazi zuen. Emaitza Gladysen haritik bideopodcasta da, teknologiaren eta ingurune digitalaren esparruan ari diren emakumeak lehen planora ekarriko dituen saioa. Guau plataformak gaur estreinatuko du podcasta.
Elene Mendizabal informatikari eta eduki sortzaileak gidatuko ditu solasaldiak. Zuzendari lanetan, berriz, Hiru Damatxo taldeko Lander Arretxea eta Asier Kortabarria ariko dira. «Gladys saria pertsona bakarrak jasotzen du urtero. Beste emakume teknologo asko geratzen dira itzalpean, sariak eman dezakeen foku horretatik kanpo. Horri erantzuteko ere sortu da podcasta», azaldu du Arretxeak.
Mendizabalek aurkeztuko dituen elkarrizketak «gertukoak, patxadaz eginikoak eta informalak» izango direla iragarri du saio berriko arduradunak. «Ez dugu curriculum bat errepasatu nahi, ezta elkarrizketa tekniko batean korapilatu nahi ere. Gonbidatuen lanetik abiatuko gara, noski, eta egiten duten lana modu ulergarrian azaltzen saiatuko gara, hortik beste toki batzuetara joateko». Leku, eremu eta egoera desberdinetara: haurtzarora, zaletasunetara, kezketara eta pasadizoetara, besteak beste. «Teknologiaren atzean dauden pertsonak ezagutzea da asmoa».
Hasteko, sei atal
Gladysen haritik bideopodcastaren aurreneko denboraldiak sei atal izango ditu. «Gonbidatuen artean askotariko profilak egongo dira, teknologiaren eta ingurune digitalaren barruan hainbat tokitatik datozen emakumeak», aipatu du Arretxeak. «Gure aldetik badago nondik tiraka jarraitu, eta, gutxienez, beste sei atal egin nahiko genituzke».
Podcasteko aurkezlea, Elene Mendizabal, informatikaria da, eta eduki sortzaile gisa badu esperientzia. «Komunikatzeko gaitasuna eta naturaltasuna» izango zituen norbait nahi zuten Hiru Damatxo-koek. «Mendizabalek aukera emango digu elkarrizketetan kontu teknikoetara beldurrik gabe hurbiltzeko, baina betiere publiko orokor bati begira», esan du Arretxeak. «Bagenekien aurkezle lana ondo egingo zuela, baina, hala ere, onerako harritu gaitu. Oso ondo harrapatu du saioaren tonua».
EHUko Informatika fakultateak eta Puntueus fundazioak proiektuaren sorreran eta garapenean parte hartu dute. Gonbidatuak eta landu daitezkeen gaiak zehazteko garaian ere ekarpenak egin dituztela nabarmendu du saioaren zuzendariak. Formatua, berriz, EITBrekin landu dute nagusiki.
Hiru Damatxo literaturaren bueltako bideopodcast berri batean ari da lanean. BaDAbil! bideopodcastaren laugarren denboraldia ere estreinatuko dute, Durangoko Azokaren atariko egunetan.