Telekomunikazio burujabetzari buruzko gaietan sakonduz

Podcast solasaldi irekiak antolatuko dituzte Hamaika telebistak eta Izarkomek. Lehen solasaldia hilaren 24an izango da, Usue Mori Carrascalekin, adimen artifizialaren inguruan. Astebete geroago emango du Hamaikak.

Izarkom eskolaren iazko irudi bat. IZARKOM
Izarkom eskolaren iazko irudi bat. IZARKOM
urtzi urkizu
2025eko irailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Telekomunikazio burujabetzarekin lotutako gaiez herritarrak kontzientziatzeko asmoz, iaz Izarkom eskola egitasmoa jarri zuten martxan. Egitasmo horrek helburutzat du telekomunikazioak eta teknologiak izan dezaketen eragina aztertzea, eta hizkera teknikotik «kaleko hizkuntzara jaistea». Horrez gain, «kontsumo arduratsuaren, eraldaketa sozialaren eta burujabetzaren inguruko eztabaida» piztu nahi du euskal telekomunikazio operadoreak.

Egitasmo horretatik abiatuta, denboraldi honetan beste aurrerapauso bat emango dute elkarrekin Izarkomek eta Hamaika telebistak: podcast solasaldi irekiak. Hainbat aditurekin eta eragilerekin elkarlanean, formakuntzarako eta esku hartze sozialerako baliabideak jarri nahi dituzte herritarren eskura. Bilboko Izarkomen egoitzan (Goienkale, 14) grabatuko dituzte solasaldiak hilabetero, eta astebete geroago ikusi ahalko dira Hamaika telebistaren ohiko emankizunetan, baita Hamaikak prestatu duen webgune batean ere. Hortaz, hilabete bakoitzeko lehen asteazkenean emitituko du bideopodcasta Hamaikak. Solasaldien aurkezle-dinamizatzaile lanak Urtzi Ugaldek egingo ditu.

Izarkomek eta Hamaikak uste dute garrantzitsua dela gai horiei heltzea. «Gure egunerokoan gehienok dugu harreman oso estua komunikaziorako erabiltzen ditugun gailuekin, sistemekin edota plataformekin. Erabilera hori, ordea, ez da neutrala, eta ondorioak ditu ekonomian, gizartean zein ingurugiroan», azaldu dute Hamaikaren ordezkariek. Hain zuzen ere, horregatik ekin diete Izarkom eskolan sakontzeari eta solasaldi irekiak herritarrei zabaltzeari.

Hamar gai

Podcast solasaldi irekien lehen mintzagaia adimen artifiziala izango da. Usue Mori Carrascal izango da gonbidatua, hilaren 24an, 19:00etan, Bilboko Izarkomen egoitzan; hain justu, Mori Carrascali Gladys Saria emango dio Puntu Eus fundazioak, hilaren 26an.

Hurrengo hitzordua urriaren 29an izango da, Julen Orbegozo Terradillos irakaslearekin, albiste faltsuen inguruan aritzeko. Nortasun digitala eta zibersegurtasuna izango ditu ahotan Lorea Arakistain Aizpirirekin, azaroaren 26an. Abenduaren 17an, berriz, Miren Beriain Rodriguzek Pantailen inpaktua haur eta gazteengan gaiaz hitz egingo du.

2026ko lehen seihilekoan, solasaldiekin jarraituko dute: urtarrileko solasaldiak Telekomunikazio buruja...zer? du izenburutzat, eta Beñat Azkargorta Mintegik emango du. Otsaileko solasaldian honako galdera hau egingo dute: Nola babestu gure bizitza digitala? Erantzunak ematen saiatuko da Unai Aberasturi Gorriño. Software askeaz ariko da hurrengo hilabetean Iker Garaialde Etxaburu Izarkomeko zuzendaria. Apirilean, Zihara Enbeita Gardoik sare sozialen inguruan hitz egingo du, baina bereziki euskal fedibertsoaz. Faxismoari aurre egiteko borroka digitala zertan den azaltzen saiatuko dira Maider Galardi F. de Agirre eta Maialen Arteaga Gonzalez. Ikasturteko azkeneko solaskidea Alex Lopez Morga izango da, eta kriptodiruaz eta diru digitalaz hitz egingo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.