Apirilean zabaldu zuten aurtengo sariketan parte hartzeko epealdia, eta gaur eman dute sarituaren berri: Usue Mori. Mori matematikan lizentziatua da, eta ingeniaritza informatikoko doktorea. Egun, irakaslea da EHUko Informatika Fakultateko Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren Sailean, eta Adimen Artifizialeko graduko koordinatzailea ere bada.
Epaimahaikideek Moriren proposamenean nabarmendu dute adimen artifiziala gizartearen onuretarako erabiltzeko ikuspegian oinarritu dela. Gizartearen onura hori lortzeko, zenbait arlotako adituekin elkarlanean sortu du proiektua, eta adierazi dute «etorkizunerako eragin sozial positiboa» izango duela aurreikusten dela.
Gladys sariak ingurune digitalean jarduten duten emakume gazte euskaldunak saritzen ditu. Sariketaren izenak iradokitzen duen moduan, Gladys del Estal informatikaria omentzeko modu bat da. Emakume zientzialarien lana ikusaraztea du helburu, eta horren bitartez gazteentzako erreferente berriak sortzea ere bai.
Sariketa Puntueus fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak sustatzen dute, eta Emakundek, Danobatgroupek, Euskaltel fundazioak, EITBk eta EHUko Berdintasun Zuzendaritzak lagundu. Antolatzaileek saritutako zientzialariaren ibilbidearen aniztasuna azpimarratu dute: «Moriren helburua ez da soilik argitalpen zientifikoen kopurua handitzea, baizik eta adimen artifiziala gizartearen benetako beharretara egokitzea, eta ezagutza praktikara eramatea».
Irabazlea gaur iragarri dute, eta sariak irailaren 26an banatuko dituzte, EHUren Donostiako Informatika Fakultatean.