Uda honetan hasiko dira grabatzen Pensión incompleta telesaila, euskaraz, katalanez, galegoz eta gaztelaniaz egingo den aurreneko fikzio lana. EITB, 3Cat eta TVG talde publikoek finantzatutako egitasmo bat da, eta Galiziako Voz Audiovisual ekoiztetxearekin batera koproduzituko dute.
Conecta Fiction koprodukzioen topaketa egiten ari dira aste honetan Cuencan (Espainia), eta testuinguru horretan aurkeztu dute telesail berria. Gorka Garcia ETBko Arte eta Entretenimendu zuzendariak, Montse Besada TVGko eduki zerbitzuburuak eta Oriol Sala-Patau 3Cateko fikzio eta zinema saileko arduradunak aurkeztu dute telesail berria.
Garapen fasean dago, baina uda honen amaieran grabaketak hasiko dituztela iragarri dute. Hiru telebistetako ordezkariek nabarmendu dute koprodukzio horretan bat egin dutela «kultur sustraiek, lurralde ikuspegiak eta nazioarteko bokazioak».
Euskal Herriko, Galiziako eta Herrialde Katalanetako hainbat profesionalek idatzi dituzte telesailaren gidoiak. «Askotariko begirada, tokiko sentsibilitatea eta bokazio integratzailea ditu fikzioak», adierazi dute hiru kateetako ordezkariek. «Lan formula honek, lurraldeen arteko lankidetzarako bide berri bat irekitzeaz gain, norberaren kulturak eta hizkuntza aberastasuna motor narratibo gisa balioesten ditu». Telesaila road movie gisa garatuko dute.
Ez dute jakinarazi aktoreak zein izango diren. Galiziako Agadic erakundeak diruz lagunduko du egitasmoa.