Del Tororen 'Frankenstein' euskaraz ere estreinatuko du Netflixek

Maurice Ravel Ziburuko musikariaren inguruko 'Ravel' filma bihar iritsiko da Netflix plataformara. 'Squid Game' telesailaren hirugarren eta azkeneko denboraldia hilaren 27an estreinatuko dute.

Oscar Isaac aktorea, 'Frankenstein' filmean. NETFLIX
urtzi urkizu
2025eko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mary Shelley idazlearen Frankenstein liburuak makina bat egokitzapen izan ditu ikus-entzunezkoetan. Bidean da film berri bat ere. Netflix plataformak iragarri du azaroan estreinatuko duela Guillermo del Toro zinemagilearen Frankenstein. Ekoizpen handi eta anbiziotsua da, eta euskarara bikoiztuta ere estreinatuko dute ordainpeko plataforman. Jacob Elordi aktorea —arbaso euskaldunak dituela adierazi izan du— da protagonista, eta taldean dira Oscar Isaac, Mia Goth, Lars Mikkelsen eta Christoph Waltz, besteak beste. Musika Alexandre Desplatena da.

Pantailak Euskaraz taldeak pozgarritzat hartu du halako ekoizpen handi bat euskaraz estreinatzea.

Netflixek, bestalde, Maurice Ravel Ziburuko (Lapurdi) musikariaren bizitzaren inguruko film bat jarriko du bihar bere katalogoan: Ravel. Ekoizpen frantses bat da, eta hori ezingo da euskaraz ikusi. Anne Fontaine da filmaren zuzendaria, eta Bolero obraren sorrerak pisu handia du istorioan. 1920ko hamarkadan dago girotuta, Parisen. Raphael Personazz aktoreak jokatzen du Ziburuko musikariaren rola. Doria Tillier eta Jeanne Balibar dira beste aktore nagusietako batzuk.

'Squid Game' telesailaren hirugarren denboraldiaren trailerra.

Euskarazko azpidatziekin ikusi ahalko da, bestalde, Squid Game Hego Koreako telesailaren hirugarren eta azkeneko denboraldia. Netflixek hilaren 27an estreinatuko du azkeneko atal sorta. Lehen bi denboraldiek ere badituzte euskarazko azpidatziak. Markak hautsi zituen telesailaren lehen denboraldiak: 265,2 milioi ikustaldi izan ditu. Bigarren denboraldiak lehen hamazazpi egunetan 152,5 milioi ikustaldi lortu zituen, eta 200 milioiren bueltan ibiliko da.

'Stranger Things 5', hiru zatitan

Netflixek beste hainbat iragarpen egin ditu Tudum ekitaldian. Kasurako, Wednesday telesail arrakastatsuaren bigarren denboraldia bi zatitan estreinatuko ditu AEBetako plataformak: aurreneko lau atalak abuztuaren 6an; eta bigarren atal sorta, irailaren 3an. Denboraldiko aktore berrien artean Lady Gaga egongo da. Telesail horren lehen denboraldiak, lehen 28 egunetan, 252,1 milioi ikustaldi lortu zituen. Euskarazko azpidatziekin ikusi ahal izan zen.

'Wednesday' telesailaren bigarren denboraldiko lehen sei minutuak.

Stranger Things telesailari dagokionez, bosgarren eta azkeneko denboraldiak ikusmin handia piztuko duela espero da. Hiru kolpetan estreinatuko dituzte azkeneko atalak: azaroaren 26an, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean.

The Sandman telesailaren bigarren eta azkeneko hamabi atalak ere hiru kolpetan estreinatuko dituzte: uztailaren 3an, 24an eta 31n. Uztaileko azken egunean sareratuko dute fikzioaren azkeneko atala.

One Piece telesailaren bigarren denboraldian, bestetik, Chopper pertsonaia digitalki sortu dute —Mikaela Hoover aktorearen mugimenduak erabili dituzte, edonola ere—. Lehen denboraldia euskarazko azpidatziekin ikusteko aukera izan zen. Knives Out film sortaren zinta berria abenduaren 12an iritsiko da plataformara, eta Glenn Close ariko da aktore lanetan.

Era berean, euskarara bikoiztuta ere estreinatuko du Netflixek Ostegunetako Hilketen Kluba filma.

'Ostegunetako Hilketen Kluba' filma.

Netflixek 300 milioi harpidedun baino gehiago ditu munduan, eta konpainiako arduradunek esan dute «gorantz» jarraitzen duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.