'Tribuaren berbak' gaur amaituko da, Herrialde Katalanetan

Katalanaren egoera aztertuko dute gaurko atalean. Kike Amonarriz Gorriak eta Izaro Arruti Agirreurretak Valentzian hasiko dute bidaia, eta Perpinyan amaitu.

Izaro Arruti eta Andorrako Kultura ministro Monica Bonell, 'Tribuaren berbak' saioan. ORIO PRODUKZIOAK
Izaro Arruti eta Andorrako Kultura ministro Monica Bonell, 'Tribuaren berbak' saioan. ORIO PRODUKZIOAK
urtzi urkizu
2026ko martxoaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hizkuntzaren bueltako hamaika kontu jaso eta kontatu dituzte abenduaren 3tik hona Kike Amonarriz Gorriak eta Izaro Arruti Agirreurretak ETB1eko Tribuaren berbak saioan. Denboraldia amaierara iritsi da, baina, eta azkeneko atala Herrialde Katalanetan egingo dute, gaur (22:20).

Saioaren bi gidariek hainbat lagunekin hitz egingo dute katalanaren egoeraz. Valentzian katalana zertan den izango du hizpide Garikoitz Knorr hizkuntzalari eta euskara irakasleak. Valentziako Euskal Etxea bisitatuko dute, eta euskaraz ikasten ari diren ikasleei galdetuko diete horretara bultzatu dituzten arrazoien inguruan. Horrez gain, Gemma Sanginesekin elkartuko dira Massalfassar herrian, TELP tailerren sortzaileetako batekin.

Bestalde, Ferriol Macip Kataluniako Generalitatean ari da lanean, Hizkuntza Politikaren alorrean, okzitanieraren sustapenaren arduradun gisa, eta Mantinc el catalĂ¡ izeneko egitasmoaz mintzatuko da. Arrutik, era berean, kaleko inkesta bat egingo du Bartzelonako Gracia auzoan. Carles Belda musikariak, berriz, bertso bat oparituko dio saioari.

Andorran, Arrutik Monica Bonell Kultura ministroa elkarrizketatuko du. Katalana da Andorrako hizkuntza ofizial bakarra, eta Bonellek azalduko du zer neurri hartu dituzten hizkuntza babesteko —kasurako, katalanaren oinarrizko ezagutza hiritartasuna lortzeko baldintzatzat jartzea—.

Bidaia amaitzeko, saioko gidariak Ipar Kataluniara joango dira. Perpinyan, Enric Balaguer aktibistarekin elkartuko dira, eta hark azalduko du irakaskuntzan katalanez edo katalana ikasten ari diren haurren kopurua handitzen ari dela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!