Iñaki Gabilondo kazetaria (Donostia, 1942) maiatzaren 31n hasi zen RTVEko La2 katean La gran aventura de la lengua española saioa aurkezten (Espainieraren abentura handia). Zortzi ataleko dokumental saio horretan, gaztelaniaren hamar mendeko historia kontatu nahi du Espainiako talde publikoak, adituen ahotsak eta aktore batzuen irakurketak baliatuz. Gabilondok aurkezpen batean esandakoak kontrako erreakzioak eragin ditu, ordea. «Espainiak Amerikan egindako konkistak ez zien inposatu gaztelaniaren ikasketa amerindioei», esan zuen Gabilondok joan den igandeko atalean.
Vicenç Vidal Espainiako Kongresuko Mes per Mallorca eta Mes per Menorca alderdietako diputatuak salatu du kontakizun hori «ultranazionalista espainiarra eta estatuko errealitate askotarikoaren kontrakoa» dela. RTVEri eskatu dio zuzenketa publiko bat egiteko edo programa kentzeko.
Vidalen arabera, TVEko saio horrek «zuritu» egin ditu «Espainiaren kolonizazio linguistikoaren prozesu historikoak». «Eta mespretxatu egiten ditu Espainiako eta Latinoamerikako kultur eta hizkuntza aniztasuna». Hori talde publikoak egitea «bereziki larria» dela deritzo Balear uharteetako (Herrialde Katalanak) politikariak. «Saioan egin diren baieztapen batzuk erabat kontraesankorrak dira hamarkada luzeetako ikerketa soziolinguistikoekin, baita hizkuntza gutxituen inguruan dagoen kontsentsu akademikoarekin ere».
Vidalek onartezintzat jo du RTVE ematen ari den mezua —RAE Espainiako Errege Akademiarekin elkarlanean egiten dute saioa—. «Gaztelaniaren zabalkundea abentura epiko gisa aurkezten denean, beste hizkuntza batzuek jasandako debekuak, jazarpenak eta asimilazio politikoak azaldu gabe, ez dira dibulgazioa egiten ari. Propagandan ari dira».
Administrazioan Euskaraz talde euskaltzaleak ere kritikatu ditu Gabilondok TVEn esandakoak, Interneteko sare sozialen bidez.
PSOE sostengatzen duten alderdiek nola onartu dezakete honelako saio supremazista bat kate publikoan? https://t.co/eqFOGcDwtK
— adm.euskaraz.taldea (@admeuskeraztald) June 24, 2026