Txikipediak beste etapa bati ekin dio, «ikaskuntza esperientzia aberasteko»

Gaztetxoentzako euskarazko entziklopediak 10.000 artikulu biltzea lortu du. Azala eta nabigazio sistema berritu dituzte.

Txikipediak beste etapa bati ekin dio. TXIKIPEDIA
Txikipediak beste etapa bati ekin dio. TXIKIPEDIA
urtzi urkizu
2026ko ekainaren 18a
08:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez hamar, ez ehun, ez mila. 10.000 artikulu sareratu dituzte jada Txikipedian, 8 eta 12 urte arteko neska-mutikoentzako euskarazko entziklopedia libre eta kolaboratiboan. Mugarri hori ospatzeko, egitasmoaren sustatzaileek hainbat berrikuntza egin dituzte, «esperientzia hobetzeko eta edukien antolaketa indartzeko».

Batetik, Txikipediaren azala eta nabigazio sistema berritu dituzte. «Ikaskuntza esperientzia aberasteko helburuarekin egin ditugu aldaketa horiek», diote proiektuaren sustatzaileek. «Azala berritu da, ordenatuagoa eta orekatuagoa izan dadin».

Era berean, «eduki dinamikoek» protagonismo handiagoa hartu dute. Ikusgela-ko Zortziko txikian bideoek eta Ba al dakizu? atalek ere presentzia nabarmena izango dute aurrerantzean. Baita Euskal Herriko historia 100 objektutan egitasmoak ere —BERRIAk podcast bat sareratzen du objektu horien inguruan—.

Berrikuntzarik garrantzitsuenetakoa, bestalde, gaikako atariena da: Astronomia, Bizia, Euskal Herria eta Historia. «Eskolarako erabilgarriak diren gaiak antolatzeko guneak sortu ditugu, neska-mutikoek edukiak modu antolatuagoan eta erakargarriagoan esploratu ahal izan ditzaten».

Estrategia baten arabera

Txikipediako ordezkariek azaldu dute azal berriak eta gaikako atariek estrategia berari jarraitzen diotela: «Ezagutza modu antolatu, bisual eta eskuragarrian eskaintzea. Azaletik abiatuta, erabiltzaileak gaikako atarietara irits daitezke, eta handik artikuluetara. Horrek bisiten sakontasuna handitzen du, eta ikaskuntza esperientzia aberastu».

Gaztetxoentzako euskarazko entziklopedia Txikipedia.eus gunean bisitatu daiteke, baita euskarazko Wikipediaren azalean dagoen Txikipedia botoiaren bidez ere. Proiektuaren eguneroko jardunaren, artikulu berrien eta bestelakoen berri izateko, eskura dago Txikipediaren Mastodon kontua: @txikipedia@mastodon.eus.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE