Europako erdialdean eta ekialdean indar handia duen komunikazio talde bat da CME. 47 telebista kate biltzen ditu, eta 49 milioi ikus-entzule baino gehiago ditu. Bulgariako, Kroaziako, Txekiar Errepublikako, Moldaviako, Eslovakiako, Esloveniako eta Errumaniako konpainiak daude talde berean. Eta horietako batean hasiko da lanean urriaren 1ean Unai Iparragirre (Arrasate, Gipuzkoa, 1973): hain zuzen ere, Errumaniako Pro TV telebista talde pribatuko programazio arduradun izendatu du CME taldeak.
Mediaset España taldeko zuzendari aritu zen Iparragirre iazko abendutik uztailaren hasiera arte. Espainiako telebista talde hori bere kabuz utzi zuen, ordea, uztailaren 7an. Bi eskaintza jaso ostean, Errumaniako telebista liderrean aritzeko proposamena onartu du. Asteburu honetan joango da Bukarestera bizitzera eta lanera. Talde horren streaming plataformaren edukien kudeaketan ere ariko da Iparragirre: Voyo-n. Errumanian, streaming plataformen merkatuan Netflix da bezero eta ikusle gehien duena, eta bigarren tokian da Voyo. Horren garapenean ere jardungo du Iparragirrek.
Mediasetera joan aurretik, 2021eko apiriletik 2025era ETBko zuzendari izan zen Iparragirre. Nazioartean eskarmentu handia du telebisten ardura postuetan: 2005ean hasi zen Discovery Channel katean, Londresen. Ondotik, zenbait ardura postu bete zituen Discovery Communications nazioarteko taldean, Londresko egoitzan. Programazioaren ekoizpenean, kudeaketan eta garapenean egin zuen lan 2005etik 2012ra. 2012tik 2014ra, Discovery Max Spain katearen programazio arduraduna izan zen. Londresen beste ardura batzuk bete ostean, 2017tik 2019ra Discovery taldearen Turkiako kateen arduraduna izan zen. 2019tik 2021era, berriz, Europarako, Ekialde Hurbilerako eta Afrikarako Eduki Estrategiako presidenteordea izan zen Discoveryn bertan.