Unai Iparragirrek Mediaset utzi du, bere kabuz

Udazkenetik aurrera, Europako beste herrialde bateko telebista batean ariko da lanean. Zortzi hilabete baino ez ditu egin Espainiako talde pribatuan lanean.

Unai Iparragirre ETBko zuzendari ohia, Donostian, 2024ko irailaren 24an. MAIALEN ANDRES / FOKU
Unai Iparragirre ETBko zuzendari ohia, Donostian, 2024ko irailaren 24an. MAIALEN ANDRES / FOKU
urtzi urkizu
2026ko uztailaren 16a
11:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Unai Iparragirrek (Arrasate, Gipuzkoa, 1973) ardurazko karguak bete ditu azkeneko urteetan telebistaren arloan. 2021. urtean, EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoaren deia jaso zuen, Euskal Telebistako zuzendari izateko. Eta ETBko zuzendari kargua urte hartako udaberrian hartu zuen. Lau urte eta erdi geroago, iazko azaroaren 25ean, EITBko administrazio kontseiluan jakinarazi zuen talde publikoa utziko zuela, «beste etapa profesional bat» hasteko. Abenduaren 15ean, Mediaset España komunikazio taldeko antena zuzendari hasi zen Iparragirre. Zortzi hilabete egin ditu Madrilen, lan horretan, baina dimisioa eman du. Bere kabuz erabaki du Espainiako talde pribatu hori uztea. BERRIAk jakin duenez, udazkenetik aurrera Europako beste herrialde bateko telebista kate batean ariko da lanean Iparragirre.

Mediaset España taldekoak dira Tele5 eta Cuatro telebista kateak, baita gaikako beste kate batzuk ere. Azkeneko urteetan, Espainian Tele5ren ikusle datuek nabarmen egin dute behera. Antena3 eta La1 ikusten dira gehien, eta hirugarren tokian da Tele5. Ikusle datuetan gorantz egiteko helburua jarri zioten Iparragirreri, abenduan han lanean hasi zenean. Ez du asko iraun, ordea, Iparragirrek talde horretan egin duen bideak.

Aintzat hartu beharrekoa da Iparragirrek Discovery taldean hamasei urtez egin zuela lan, ETBko zuzendari hasi aurretik. 2005ean hasi zen Discovery Chanel katean, Londresen. Ondotik, zenbait ardura postu bete zituen Discovery Communications nazioarteko taldean, Londresko egoitzan. Programazioaren ekoizpenean, kudeaketan eta garapenean egin zuen lan 2005etik 2012ra. 2012tik 2014ra, Discovery Max Spain katearen programazio arduraduna izan zen. Londresen beste ardura batzuk bete ostean, 2017tik 2019ra Discovery taldearen Turkiako kateen arduraduna izan zen. 2019tik 2021era, berriz, Europarako, Ekialde Hurbilerako eta Afrikarako Eduki Estrategiako presidenteordea izan zen Discoveryn bertan.

Arrasate Telebistan hasi zuen bidea

Ingeniaritza Informatikoa eta Arte Dramatikoa ikasi du Iparragirrek. Jaioterriko euskarazko tokiko telebistan hasi zen lanean, Arrasate Telebistan, 1997. urtean. Gero, ETB1eko hainbat saiotan aritu zen aurkezle: Jaiak 97, Egun ero, Superbat, Galdestreet... 2000ko hamarkadaren hasieran, askotariko saioen ekoizlea eta zuzendaria izan zen: Betimu (2000-2002), BT Gala musika lehiaketak (2002), Barnetegia reality saioa (2003-2004) eta Bizizaleak (2004). ETBko etapa hura amaituta, urtebete egin zuen Madrilen, TVEn lanean.

ETBko zuzendari kargua iazko abenduan utzi ostean, Isabel Octaviok (Iruñea, 1974) hartu zuen Iparragirreren ardura hori. Abendu hartan hasi zen ETB1 Tribuaren berbak saioa ematen; Iparragirrek hitzartu zuen Orio Produkzioak ekoiztetxearekin programa horren itzulera. Martxoaren 25era arte iraun zuen saioko denboraldiak, Kike Amonarriz Gorria eta Izaro Arruti Agirreurretaren eskutik.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA