EITBren Administrazio Kontseiluko bilera egin zuten atzo arratsaldean Bilbon, eta han jakinarazi zuten Unai Iparragirre ETBko zuzendariak talde publikoa utziko duela. «Beste etapa profesional bati» ekingo dio Iparragirrek abenduaren 15ean. Isabel Octaviok hartuko du ETBren eta Ikus-entzunezko Produktuen zuzendaritza, eta datozen egunetan lekukoa emateko prozesuan ariko dira lanean Iparragirre eta Octavio.
Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusi izendatu zutenean, Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio zuzendari kargurako hautatu zuten. Aurrerantzean ere zeregin horretan arituko da Octavio, ETBko zuzendari izateaz gain.
Administrazio Kontseiluko bileran, Aldekoak eskerrak eman dizkio Iparragirreri, «egindako lanagatik eta Euskal Telebistaren kanalak hobetzen laguntzeagatik». Gaineratu du, bestalde, halako erabakiek erakusten dutela EITB «proiektu bizia eta interesgarria» dela, eta bere taldeari zein profesionalei aukerak sortzen dizkiela.
Iparragirre ETBko aurkezlea izan zen 1990eko hamarkadaren bukaeran; besteak beste, Jaiak, Superbat, Galdestreet eta Egun ero saioetan; aurretik, telebistako lehen pausoak Arrasate telebistan (Gipuzkoa) eman zituen, Kukaratxa motel saioan. 2005etik 2021era, ordea, Discovery katearentzat egin zuen lan, Londresen. ETBko zuzendari karguan 2021eko udaberrian hasi zen lanean; hortaz, lau urte eta erdi bete ditu zeregin horretan.
Octavio kazetaria da, Iruñean jaioa, eta euskaraz egiten du. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Kabinete zuzendaria izan zen. Eskuz esku egin du lan azkeneko lau urte eta erdian EITBko zuzendaritzarekin.