EITB taldeko Primeran plataforman Europako ipar partekoak dira euskarara bikoiztutako telesailak, baina badira salbuespenak. Salbuespen horietako bat da gaur estreinatu duten Under the Banner of Heaven (Zeruaren banderapean).
Benetako gertaeretan oinarritutako telesail bat da, true crime generokoa; Jon Krakauer idazlearen liburu batean du oinarria. Pyre inspektorea Brenda Wright Laffertyren eta bere haurraren hilketa ikertzen ari da Salt Lake Valleyko (AEB) auzo batean. Ikerketan aurrera egin ahala, mormonismoaren jatorriaren sekretuak azaleratuko dira, baita fede zorrotzak dakartzan ondorio bortitzak ere.
Telesailaren aktore protagonistak Andrew Garfield eta Sam Worthington dira. Taldearen parte dira Daisy Edgar-Jones, Gil Birmingham eta Denise Gough aktoreak ere. Zuzendariak, berriz, David Mackenzie, Isabel Sandoval, Courtney Hunt, Dustin Lance Black eta Thomas Schlamme dira. AEBetan 2022. urtean estreinatu zuten FX katean.
Zazpi atal ditu denboraldiak, eta guztiak euskaraz ikusi ahalko dira Primeran-en.