'Ur handitan' zaintza ez-profesionalari buruzko atal batekin itzuliko da

Asteartean hasiko da ETB1eko erreportaje saioaren hamargarren denboraldia. Zuzenean egingo dute lehen atala, Miramongo egoitzatik.

'Ur handitan' saioaren 10. denboraldia. BALEUKO
'Ur handitan' saioaren 10. denboraldia. BALEUKO
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zaintza ez-profesionala izango du ardatz Ur handitan erreportaje saioko hamargarren denboraldiko lehen atalak. «Saioaren hamargarren urteurrena ospatzeko, eta zerbait egite aldera, lehen atalaren formatua aldatu egingo dugu», iragarri du David Castañok, saioko zuzendariak. ETB1ek datorren asteartean emango du atal berezi hori, 22:20an. Programako zuzendariak azaldu duenez, Miramongo estudiotik (Donostia) zuzenean egingo dute saioa.

Xabier Madariaga ariko da aurkezle platoan. «Gonbidatuen artean zaintzaile ez-profesionalak egongo dira, eta zaintzaile profesionalen bat ere izango dugu», aipatu du Castañok. Publikoa ere egongo da platoan. «Horrez gainera, familia bat ezagutzera joan da Madariaga. Parkinsonen gaitza duen gizon bat ezagutuko du, eta hura zaintzen duten senideekin hitz egingo du». Josu Azaola Beitia da gizon hori. 40 urte zituen parkinsona diagnostikatu ziotenean, eta orain 66 urte ditu. Gaixotasun neurodegeneratiboa da, eta, beraz, gorputzaren motor sistema osoari eragiten dio. Orekari, ikusmenari, entzumenari eta hitz egiteko gaitasunari eragiten die gaixotasunak. Eguneroko bizitzan, Nerea Goienetxea Elourdi emaztea du alboan Azaolak. Senarra zaintzen aritzen da une oro, eta senarrak bere kabuz egin ezin dituen beharrak betetzen ditu. Haien alboan daude bi alabak ere.

Familia horrekin egindako filmaketak lau bloketan emango dituzte saioan zehar, eta zuzenean platoan egingo duten mahai inguruarekin tartekatuko dituzte. Beste lekukotza batzuk ere entzungo dira atal berezi horretan: Beñat Larrinaga Agirrek bere eguneroko bizimoduaz hitz egingo du —AEA alboko esklerosi amiotrofikoa gaitza diagnostikatu zioten—, eta bera zaintzen dutenekin ere mintzatuko dira.

Castañok nabarmendu duenez, datorren astearteko atalaren asmoa izango da «zaintzaile ez-profesionalen errealitatea ikusaraztea eta haren balioa nabarmentzea».

Nazioartean erabili izan dute honako formatu hau: pertsona ezagun bat menpekotasunen bat duen baten egunerokoa ezagutzera joaten da. Unai Iparragirre ETBko zuzendari ohiak Baleuko ekoiztetxeari proposatu zion antzeko zerbait egitea, Ur handitan saioaren itzulerarako. «Hortik sortu zen saio hau egiteko ideia», azaldu du Xabier Madariaga saioko aurkezleak. «Familia horrekin egindako filmaketa sekulakoa izan zen. Eta mezu baikorrarekin gelditzen garela esango nuke, nahiz eta argi ikusten den senar-emazte zirenak zaintzaile eta zaindua bihurtzen direla. Egoera zailenari aurre egiten dioten familiak azalduko dira programan». Edonola ere, kazetariak iragarri du zaintzaren «krudeltasun osoa» ere ikusiko dela.

Gizarte gaiak, beste ataletan ere

Castañok adierazi du ETB1eko saioaren beste atalek ohiko formatua izango dutela. Baleuko ekoiztetxean hainbat gizarte gai landu dituzte denboraldi honetarako. Astearte gauetan emango ditu euskarazko kateak, eta ETB On plataforman ere ikusi ahalko dira.

Bigarren atalean, familietan bizi diren txakurren inguruan hitz egingo dute. «Azken datuen arabera, Hego Euskal Herrian haurrak baino txakur gehiago dago. Txakurrek betetzen duten funtzioaz ariko gara, eta hausnarketa bat egingo dugu gai horretaz», azaldu du Castañok.

Hurrengo ataletan, honako gai hauek landuko dituzte: emakumeen bizitza zikloei buruzko tabuak —bereziki, menopausiarenak—; Internet bidezko iruzur delituak; nahaste obsesibo konpultsiboa; transfobia —Interneteko sare sozialetan zabaltzen ari diren diskurtso transfoboak direla eta—; trauma baten ostean bizitzari berriro nola ekiten zaion landuko dute Birjaio atalean; eta beste atal batean zahartzaroaren «ezkutuko balioak» aipatuko dituzte, «erakusteko erretiroa hartzen dutenak gerora ere gizartearen sostengu garrantzitsua direla».

Xabier Madariagak saioaren urte hauen balantze «oso ona» egin du: «Batez ere lortu dugulako mantentzea. Eta mantentzea, kalitatearekin. Jendeak segitzen du Ur handitan gehiago eskatzen, eta kalean herritarrek galdetzen digute ea noiz datozen atal berriak». Ikastetxeetan material gisa erabiltzen dituzte erreportajeak. «Uste dut ETBk oraindik sinesten duela esku artean duen saio horretan. Lantaldea zoragarria da, gainera».

Autokritika eginez gero, berriz, Madariagak dio gustatuko litzaiokeela gaur egungo «eztabaidako gaiak» direnetan murgiltzea. «Alde horretatik gehiago egin dezakegu. Baina gogotsu ari gara, edonola ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.