EITB

Vanessa Fernandez EITBko Kultura eta Euskara zuzendari izendatu dute

Fernandez Zinebi jaialdiko zuzendaria izan da 2018tik 2024ko urtarrilera arte. Audientzen talderako Endika Nuñez kontratatu du EITBk.

Vanesa Fernandez EITBko Kultura eta Euskara zuzendari berria.
Vanesa Fernandez EITBko Kultura eta Euskara zuzendari berria. MARISOL RAMIREZ / FOKU
urtzi urkizu
2024ko otsailaren 1a
14:15
Entzun

Vanessa Fernandez Guerra (Durango, Bizkaia, 1980) Bilboko Zinebi nazioarteko jaialdiko zuzendari izan da azkeneko urteetan, 2018ko udazkenetik aurtengo urtarrilean kargua utzi duen arte, hain zuzen ere. Hemendik aurrera, berriz, EITBko Kultura eta Euskara zuzendaria izango da. Aste honetan egin da ofizial izendapena, EITBren administrazio kontseiluan zuzendaritzak jakinarazi ostean. Talde publikoaren Kultura eta Euskara zuzendari postua 2020ko abenduaren 20ko administrazio kontseiluan onartu zuten EITBko administrazio kontseiluko kideek. Organigraman bazegoen, beraz, baina orain iritsi da izendapena. EITBko iturriek diote Fernandez Guerra kultur arloko estrategia indartzeko iritsi dela taldera, bereziki zinemarena.

Fernandez Guerrak Ikus-entzunezko Komunikazioko doktoretza egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta Ikus-entzunezko Komunikazio Gradua koordinatzen aritu da. Aditua da ikus-entzunezkoen eta dokumentalen idazkeran. Gainera, Territorios y Fronteras. Research on Documentary Filmmaking izeneko diziplina anitzeko proiektuaren koordinatzailea izan da. Zinebiko zuzendari kargua hartu aurretik, jaialdi horretako kolaboratzailea izan zen urte luzez. Nabarmentzekoa da Zinebi jaialdiko proiekzioetan euskarazko azpidatziak jartzeko erabakia hartu izana. Horrez gain, Fernandez Guerra freelance gisa aritu izan da zinemako proiektu batzuetan, garapenerako aholkularitza ematen. Epaimahaikide ere aritu da hainbat jaialditan.

Noiz eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako bizpahiru hilabete falta direnean sortu du kargu berri hori EITBk, eta Fernandez Guerra izendatu.

Beste izendapen batzuk ere egin ditu EITBk: Josu Zaldibar Pagazaurtundua izendatu dute Radio Vitoriako zerbitzu teknikoko buru. Eta Endika Nuñez aditua kontratatu dute audientzien sailerako.

Fernandez Guerraren karguari dagokionez, bestalde, zuzendari transbertsalen kategorian ageri da EITBren organigraman. Izan ere, hainbat zuzendarik EITB osoa hartzen dute bere arloan. Hauek dira beste zuzendari transbertsalak: Arantza Ruiz EITB Mediako albistegietako zuzendaria, Joseba Urkiola EITB Mediako Kiroletako zuzendaria, Jose Luis Roman EITBren Negozio Garapenerako zuzendaria, Maite Goñi EITBko Audio eta Digitaleko zuzendaria eta Igor Jainaga taldeko Teknologia eta Ustiaketa zuzendaria.

EAJrekin lotura zuzena dute EITBko zuzendari nagusiak eta zuzendari kudeatzaileak. EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoa EAJren bigarren hautagaia izan zen Europako Parlamenturako hauteskundeetan, 2019an. Ibone Bengoetxea zuzendari kudeatzailea, berriz, Bilboko Udalean zinegotzia eta alkateordea izan zen, eta EAJren hautagaia Bizkaiko Batzar Nagusietarako. Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu zenean izendatu zuten EITBko kudeatzaile izateko.

EITBko zuzendari guztien organigrama talde publikoaren webgunean kontsultatu daiteke.

Gazteako zuzendari izateko iragarkia

Iragar daiteke datozen asteetan beste izendapen bat izango dela. Gazteako zuzendari karguan aritzeko iragarki bat zabaldu dute Linkedin sare sozialean. Irratiaren arduradun berriak honako misioa izango du, iragarkiaren arabera: «Gaztea kudeatzea eta bere garapenaz arduratzea, produktua ikus-entzunezko sistema berrira zabalduz, 14-30 urte arteko gazteen artean erreferentzialtasuna mantenduz». Posturako C1 maila eskatzen dute euskaraz eta ingelesez. Bost urteko esperientzia ere eskatzen dute.

Iragarki hori zabaldu du talde publikoak. Hain justu, egonkortze eta oposizio prozesu batean murgilduta dago EITB taldea. Hau da, behin-behineko gisa ari diren irratietako langile asko oposizioetara aurkeztuko dira datozen asteetan.

Ikusle datuak, behera

Urtarrilean, ETB1 kateak %1,8ko ikusle kuota izan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —2023ko batez besteko kuota %2koa izan zen—. Asteburuetan askoz datu hobeak lortzen ditu euskarazko kateak astegunetan baino. Astegunetako datu adierazgarri bat urtarrilaren 23koa izan zen: %0,3ko ikusle kuota izan zuen egun osoan.

ETB2 kateak %8,3ko ikusle kuota lortu du urtarrilean. ETB3 kateak, berriz, %0,1ekoa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gehien ikusi den katea Tele5 izan da —soilik erkidego horretan eta Asturiasen (Espainia) gertatu da hori—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.