Nafarroako Komunikazio eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak tokiko telebistei zuzendutako ikus-entzunezko edukiak ekoizteko deialdi berria ebatzi du, eta horri esker, Xaloa Telebistak eta Hamaikak hainbat programa egin ahalko dituzte. Ez da lehen aldia euskarazko bi kateek proiektuak martxan jartzeko laguntza hori jasotzen dutena. Oraingoan, berriz, Xaloak 200.000 euroko laguntzak jasoko ditu, eta Hamaikak, 125.000 eurokoak.
Hamaika Telebistak makina bat proiektu aurkeztu ditu laguntzetara. Horietatik bostek jasoko dute Nafarroako Gobernuaren finantzaketa. Kasurako, Aritz Ganboa artzainak —ETB1eko Biba zuek! arratsaldeko magazinean ere aritzen da— Mugari begira saio berria aurkeztuko du. Bertan, Nafarroa iparraldeko eskualdeetan ibiliko da Ganboa, batetik bestera. Lehendik ere ibilia da Ganboa Hamaikan aurkezle lanetan; 2023ko martxoan, elikadura burujabetzari eta ekonomia sozialari buruzko Geltokia saioa aurkezteari ekin zion.
Beste bi saio berri ere egingo ditu Hamaikak Nafarroan datozen hilabeteetan: Nafar anitz, elkarrizketa «pertsonal eta intimoen» programa, batetik; eta Nola egiten da saioa, bestetik, non artisautzari, etnografiari eta agroekologiari buruz ariko diren. Nafarroan dauden lanbideen eta eginkizunen garapena erakusten saiatuko dira egitasmo horretan.
Hamaikak lehendik programazioan dituen beste bi saio egiten jarraituko du Nafarroako Gobernuaren laguntzei esker: 11 Leiho —Nafarroako txoko eta ibilbideak erakusten ditu, slow formatuan (edo telebista mantsoan)— eta Bizibherri —jasangarritasuna, agroekologia, bioeraikuntza eta gizarte ekonomia arloetan jartzen du fokua—.
'Herri ttiki, bizi haundi'
Xaloa Telebistaren proposamen berriei dagokienez, Herri ttiki, bizi haundi izeneko saioa jarriko dute martxan. Xaloak berak aitortu du ETB1eko Herri txiki, infernu handi saioaren bultzada baliatu nahi duela, baina soilik Nafarroako herri txikiak bisitatuko dituzte. Herrietako «bertuteak eta aukerak» azalduko dituzte programa berrian. Xaloaren beste programa berria gastronomiari buruzkoa da: Zer jan, ala izan.
Programazioan finkatuta dauden beste sei saio egiten jarraituko du Xaloak, neurri batean Nafarroako Gobernuaren laguntzei esker. Honako hauek dira: Kristalezko sabaia Nafarroan, Osasuntsu eta pozik, Soinu eta doinu, Aldaketa klimatikoa, Negudaberriaroa eta Udaroa.
Tafallako lurreko telebista digitaleko barrutirako, Zona Media TV eta 30TV tokiko kateek ere laguntzak lortu dituzte saio berriak egiteko. Nafarroako Gobernuaren laguntzak orotara 449.446 eurokoak izango dira.