Aritz Ganboa. Artzaina

«Baliabide gutxirekin ere saio handiak egin daitezke»

Hamaika telebista kateko 'Geltokia' programa aurkezten du Ganboak. Elikadura burujabetzari eta ekonomia sozialari buruzko saio bat da, eta errezeta batekin biribiltzen dute.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
itsaso jauregi 2
Arruazu
2023ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Lehendabiziko aldiz hartu du Aritz Ganboak (Iruñea, 1979) aurkezlearen mikrofonoa, Hamaika telebista kateko Geltokia saioa zuzentzeko. Artzainak Biba zuek! saioan kolaboratu zuen, eta, orain, Iruñeko geltoki zaharrean grabatutako saioan, garapen jasangarriaren eta ekologiaren moduko gaietan sakonduko du, hainbat solaskideren laguntzarekin. Saioa asteartero egongo da ikusgai, 22:00etan.

Zein da saioaren helburua?

Elikadura burujabetza eta ekonomia soziala lantzen dituzten proiektuak ezagutaraztea. Horretarako, elikadura burujabetza, kontsumo eredu jasangarria, efizientzia energetikoa eta mugikortasuna bezalako gaiak landuko dira. Gai horiei lotuta, esperientzia ezberdinak jasoko ditugu, eta errezeta baten bitartez emango diegu forma.

Errezeta batean islatuko da saio bakoitzean landutako gaia?

Errezetek ez dute zertan zerikusirik izan behar programan landuko ditugun gaiekin. Hala ere, Koldo Garcia sukaldariak egiten dituen errezetak Iruñeko Geltoki jatetxeak dituen printzipioetan oinarritzen dira; zero kilometro janaria erabiltzen du, eta jasangarritasunari garrantzia ematen dio.

Artzain izatetik, aurkezle izatera. Naturalki egin duzu aldaketa?

Nik uste nuen askoz bortitzagoa izango zela, baina nahiko naturalki egin dut. Aldaketarik handiena Biba zuek! saioan kolaboratzaile gisa sartu nintzenean izan zen.Nire gabeziak ditut aurkezle gisa, baina, antza denez, gauza batzuk ongi egiten ditut, edo, behintzat, gauza batzuk ez zaizkit arrotz egiten. Hortik tira egin dut aurkezpen lana egiteko.

Nola mantendu duzu bi ogibideen arteko oreka?

Zaila izan da. Gaiak laboraria naizen neurritik ezagutzen ditudanez, zaila izan da aurkezle gisa agertzea eta ez iritzi emaile gisa. Saiatu naiz, noski, nire begiradatik aurkezpenak egiten; baina protagonismoa hizlariek eta erreportajeetan parte hartu dutenek eduki dute.

Zein da programa aurrera eramateko zailtasun nagusia?

Hamaika komunikabide txikia da, eta lan handia egin behar izan dute programa aurrera eramateko. Baina baliabide gutxirekin saio handiak egin daitezke. Gainera, erabat euskaraz den programa bat da, Nafarroaren erdigunea den Iruñean egindakoa eta garatutakoa. Solaskide euskaldunak bilatu behar izan ditugu.

Euskara programaren protagonista ere bada, beraz?

Bai. Euskara ezinbesteko elementu bat izan da gaiak lantzeko. Uste dut horrek txikiagoak eta bereziki euskaldunak diren hedabideentzako iparra izan beharko lukeela. Konplexuetatik haratago, eta dauzkagun indarguneak erabiliz, horrelako gauzak egin daitezkeela ikusi dugu.

Herritarren iritziak ere jasotzea garrantzitsua da programan?

Bai. Kale galdeketa bat egiten dugu. Egun horretan solasaldian atera den gaiari lotuta dago, eta jendearen iritzia jasotzen dugu. Ez dugu bakarrik solaskideek daukaten iritzia jaso nahi, baizik eta ere kalearen pultsua ere neurtu.

Zer-nolako harrera izan du saioak?

Nik uste dut harrera ona eduki duela. Pertsonalki eta sareetatik jaso ditudan mezuak oso positiboak izan dira, oso onak. Oraindik ez ditut datu objektiboak jaso, baina iruzkinak onak izan dira. Baina asko dago hobetzeko, noski.

Zer da Iruñeko Geltoki zuretzat?

Hiria eta herria elkartzearen beharra sinbolizatzen du. Elkarrekin egoteko leku bat da, eta gaur egun, sinbolikoki, oraindik ere balio hori dauka. Hitzak berak dio: geltoki; gelditzeko beharra. Hausnartu behar dugu nondik gatozen, nora goazen jakiteko; hori da Geltokia; abiapuntu bat da, baina iritsiera bat ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.