«Aspaldian ez da horrelakorik egin, eta jendeak askotan esan digu halako zerbaiten zain zegoela». Hala dio Iker Galartzak. Gure Zirkuko lanak utzi gabe, bolada batean Super Manterola herriko dendan Luixitorena egiten ikusiko du ikus-entzuleak. Haren anaia Karmelorena egiten du Anjel Alkainek. Eta haien iloba da Bakartxo, Aitziber Garmendiak jokatzen duen pertsonaia. Hirurek zabaltzen dute goizero, 09:30ean «punttu-punttuan», Super Manterola denda. Ireki dute jada mundu osoarentzat, EITBren Primeran plataformak gaur estreinatu baitu Superra umorezko telesaila. ETB1 katean, berriz, igandean emango dute, 21:45ean.
Primeran-en azaroaren 5ean sareratuko dituzte bosgarren eta seigarren atalak, eta azaroaren 12an azkeneko biak.
Aitziber Garmendiak nabarmendu du giro onean idatzi eta grabatu zutela telesaila, aipaturiko hiru aktoreak telesailaren gidoilari ere bai baitira. «Jolasa, dibertsioa eta berriz ere talde sortzaile hau elkartzeko genuen ilusioa nabarmenduko nituzke. Udako oporraldi luzearen ondoren elkarrekin lanean hastea zera izan da, irailean lagunekin elkartu eta berriro jolasten hastea bezalakoa; erraza eta naturala».
Alkainek adierazi du aspaldi ezagutzen dutela elkar. «Badakigu nola lan egiten dugun, konplizitate handia daukagu elkarrekin, eta denok aritu gara produktuaren onerako, indibidualismoak alde batera utzita». Elkarrekin lan egiteko gogoa zutela ere nabarmendu du: «Hortik abiatuta, guk idatzi, guk zuzendu eta guk interpretatzea abantaila handia izan da». Jon Garate aritu da zuzendaritzan Alkainekin batera. Errealizadoreak, berriz, Juanfe Garces eta Eneko Zalduondo dira. Prime Time Media ekoiztetxearekin egin dute.
Dendan hiru dira hasieran, baina beste norbait bilatuko dute: bekadun bat. Ekain Ibargurenek egingo du bekadunarena, eta hark xaxatuko ditu Super Manterolakoak Instagram sare sozialean kontu bat sortu eta bideoklip bat egin dezaten. Izan ere, denda dagoen tokitik gertu, Merkedona supermerkatu handia zabaldu dute, eta badituzte kezkatzeko makina bat arrazoi. Hori guztia umore biziz garatzen da fikzioan. Laburrak dira atalak, gainera: 15-20 minutu artekoak.
Aurpegi ezagunak ageri dira
Aktore taldean dira, besteak beste, Sara Cozar, Iñake Irastorza —goizero BERRIA erostera joaten da Super Manterolara—, Ainere Tolosa, Telmo Irureta, Ugaitz Alegria, Libe Aranburu, Erika Olaizola eta Mikel Ibarguren. Zuhaitz Gurrutxagak egiten du Merkedona supermerkatuko kudeatzailearena. Onintza Enbeita bertsolari eta BERRIAko zutabegileak ere jokatzen du rol txiki bat: patata saltzailearena. Oinatz Bengoetxea pilotari ohia ere azalduko da atalen batean.
Euskaraz idatzi eta pentsatutako proiektua izaki, euskal ikus-entzuleek «gozatu» egingo dutela uste du Alkainek: «Uste dut jendeak gure beste produktuetan ere sumatu duela hori; horregatik, orain arte behintzat, gure ikusleek oso gustura ikusi dituzte gure lanak». Gakoetako bat hori bera dela azaldu du sortzaile eta umoristak. «Telesaileko protagonistak oso hurbileko pertsonaiak dira, eta Euskal Herrian horrelako hainbat eta hainbat aurki daitezke». Galartzak dio «emaitza polita» lortu dutela.
Garmendiak, era berean, sormen prozesuan bat nola egin duten nabarmendu du: «Exijentzia handia zen. Ez da aktore lana bakarrik izan. Gidoilari lana ere izan da, jende gutxiko lantalde batean proiektu bat sortzea, eta horrek dedikazio handia eskatu digu. Guztiak itsasontzi berean geunden irudipena izan dugu, denok batera arraun egitearena».
Telesailaren sintonia Liki Likatsurena da, eta abestien nahasketa Iker Laurobak egin du.
Azpeitian (Gipuzkoa) grabatu zituzten Superra-ren zortzi atalak, otsailean eta martxoan. Atzo, herri bereko Soreasu antzokian, telesailaren aurrestreinaldia egin zuten. Han elkartu zirenek ikusi ahal zituzten lehen aldiz fikzio lanaren aurreneko hiru atalak. Primeran plataforman denen eskura daude jada. Baita laugarrena ere.