Eusko Jaurlaritzak zazpi milioi euroren diru laguntzak banatuko ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoitza duten komunikabideen artean. Zehaztu dute diruak balioko duela adimen artifizial sortzaileek komunikabideetan duten eragina arintzeko.
Zazpi milioi euroren laguntzak bi atal handitan banatu dituzte, komunikabideen ezaugarrien arabera. Laguntza prentsa idatziarentzat, prentsa digitalarentzat, irratientzat eta telebistentzat izango da. Eguneroko komunikabide pribatu jeneralistak izan beharko dute, gutxienez bost langilekoak.
Jaurlaritzako gobernu kontseiluak gaur onartu ditu diru laguntzak; lehengo urtean ere eman zituen. «Desinformazioari aurre egiteko neurri bat» dela azaldu dute: adierazi dute komunikabideetako profesionalek «berebiziko garrantzia» dutela informazio eskubidea bermatzeko, eta, hortaz, komunikabideen ekosistema zaindu beharra dagoela.
Laguntza jaso nahi duten komunikabideek eskaera aurkeztu beharko dute maiatzaren 13tik ekainaren 12ra bitarte. Eskaerarekin batera, diruarekin egingo duten proiektuaren edo jardueraren memoria bat aurkeztu beharko dute, baldintza batzuen pean.