Telesailak

Zerocalcareren unibertsoa zabaltzen

Zerocalcare sortzaileak animaziozko bere hirugarren telesaila sortu du: 'Due spicci'. Eguneroko zarata txikietatik poesia sortuko du; antsietatearen, adiskidetasunaren eta kaosaren erdian, umorez eta samurtasunez jositako mezuak loratuko ditu.

'Due spicci' telesailaren fotograma bat. NETFLIX
'Due spicci' telesailaren fotograma bat. NETFLIX
gaizka izagirre
2026ko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ingelesezko my two cents esamoldeak (nire bi zentimoak) zera adierazten du, inork eskatu gabe ere norberaren iritzia ematea; The Simpsons telesailaren jarraitzaileek gogoan izango dute, agian, My Two Cents fikziozko saioa; Kent Brockman kazetariak edozein gairi buruzko alferrikako iruzkinak egiten zituen bertan.

Ideia hori oso lotuta dago Zerocalcare sortzailearen unibertsoarekin. Bere istorioak itxuraz hutsalak diren gogoeta txikietatik abiatu ohi dira, baina bizitzari buruzko hausnarketa erraldoi bihurtzen dira. Horixe izango da, hain zuzen ere, bere hirugarren telesailaren izenburua ere: Due spicci (Bi zentimo).

Telesail berrian sartu aurretik, ordea, komeni da Zerocalcareren arrastoa nondik datorren ulertzea. Strappare lungo i bordi aparta estreinatu zuen 2021ean; komikigilearen bizipenetan oinarritutako animaziozko telesaila, Erromako marrazkilari gazte bat eta haren kontzientzia bihurtutako armadillo erraldoi bat erdigunean jartzen dituena. Hiritik kanpo egiten duen bidaian, lagunak, oroitzapenak eta beldurrak gurutzatzen zaizkio, eta bere buruaren barruko labirintoan sartzen du ikuslea. Egunerokoaren kaosari buruzko bakarrizketa etengabea da, erritmo frenetikoan kontatua.

Questo mondo non mi renderĂ  cattivo lanarekin itzuli zen, 2023an. Unibertso bera, pertsonaia berak, baina tonu ilunagoa. Lehen telesailean buru osasunaz eta depresioaz mintzatu zen, gero kalean eta sareetan arnasten den amorru politikoari heldu zion, ultraeskuinaren gorakadari eta mundua gero eta arrotzago bihurtzen ari den sentsazio horri begira.

Eta Due spicci dator orain. Zerok eta Cinghialek negozio txiki bat dute, baina fakturak pilatzen diren bezala pilatzen dira gatazkak ere. Bien arteko komunikazioa urratzen hasiko da, eta drama pertsonalek pixkanaka adiskidetasunaren oinarriak higatuko dituzte. Iraganetik itzulitako pertsona batek eta ustekabeko ardurek are gehiago estutuko dute berez hauskorra den harreman hori. Eta, noski, berriz ere alboan izango du armadillo laranja bitxi hori. «Si puĂ² sempre fare come i Goonies» (Beti egin daitezke gauzak Goonie-ak bezala) telesailean entzuten den elkarrizketa bat da, istorioaren espiritua laburbiltzen duena.

Zerocalcarek beste behin erakutsiko du animazioa tresna oso eraginkorra dela mezu garrantzitsuak zabaltzeko. Umorea helduleku gisa erabilita, ekoizpen oso irudimentsua sortu du, eta, aldi berean, mezu indartsuak plazaratzeko gai da. Bere animazio estiloaren itxurazko sinpletasunak indar handiagoa ematen die hitzei, eta edozeinek bere buruaren islaren parte bat aurkitzeko moduko egoerak sortzen ditu gidoiak: laguntasunaren nekeak, helduaroaren beldurra, militantziaren higadura edo etorkizunari buruzko ezintasun sentsazioa.

Eta guztia, beti bezala, Zerocalcareren ohiko erritmo zoroan gertatuko da. Pentsamenduak geziak bezala gurutzatzen diren bitartean, iruzkin ironikoek arnasa hartzeko tarterik uzten ez duten bitartean, eta kaos mentala segundo bakar batez ere isiltzen ez den bitartean.

Lotura Euskal Herriarekin

Sortzaile italiarrak harreman zuzena du Euskal Herriarekin, lotura politiko eta sozial agerikoetatik harago —nerabezarotik, Italiako giro politiko alternatiboetan parte hartu du, eta gune okupatu autogestionatuak, globalizazioaren aurkako mobilizazioak eta kurduen borrokak izan ditu hizpide bere lan askotan—. 2018an, Farmazia Beltza argitaletxeak euskarara itzuli eta argitaratu zuen Zerocalcare-ren Macerie Prime komikia, bi liburukitan: Hondamuinean (2018) eta Hondamuinean 2: 6 hilabete geroago (2019). Koldo Izagirrek egin zuen italieratik euskararako itzulpena.

2019ko apirilean, Zerocalcarek Donostiako Komikigunean eta Iruñeko Katakrak liburu dendan aurkeztu zituen komiki horiek. Euskal Herrian izan zen bere lanak aurkezten eta komikigintza tailerrak ematen; bisita hartan, Sustrai Colina bertsolariak gidari eta itzultzaile lanak egin zituen. Horregatik, egilearekin izandako solasaldi haiek hartu zituen gero oinarri Kobane Calling Orain liburuaren hitzaurrea idazteko.

Aipatutakoez gain, euskaratutako lanen zerrenda honako hau da: Armadiloaren igarkizuna (2021), Kobane Calling Orain (2020), No Sleep Till Shengal (2022), Amildegia 41 Bis, DHTK (2023) eta Niretzat bedi zu hildakoan (2024).

'DUE SPICCI'

  • Sortzailea. Zerocalcare.
  • Herrialdea. Italia.
  • Urtea. 2026.
  • Non ikusi. Netflix.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 30 minutu.
  • Generoa. Komedia, drama, animazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE