Zure Ulua abesti lehiaketa abian da

Ekainaren 4ra arte dago kantak bidaltzeko aukera. Irabazleak 500 euro lortuko ditu, eta, horrez gain, aukera izango du abestia Ulu Mediaren estudioetan grabatzeko eta grabaketaren bideoklipa egiteko.

Zure Ulua abesti leihaketa. ULUA
Zure Ulua abesti leihaketa. ULUA
urtzi urkizu
2026ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko musikarientzat «plaza erreferentzial bat» sortu eta «proiektu berriak hauspotzeko» helburuarekin, Ulua euskarazko komunikabideak Zure Ulua izeneko abesti lehiaketa jarri du martxan. Musika talde, bakarlari eta sortzaileek ekainaren 4ra arte izango dute beren kantak lehiaketara aurkezteko aukera.

Lehiaketaren xedea musika sormena sustatzea da. Erreferentziazko eremu bat sortu nahi dute kantari eta musikarientzat. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, parte hartzaile bakoitzak abesti bakarra aurkeztu ahalko du. Kantak originala eta argitaragabea izan beharko du. Ez dituzte onartuko beste taldeen bertsioak, lehendik argitaratutakoak edo beste lehiaketa batzuetan saritutakoak. Horrez gain, baldintza hau ezarri dute antolatzaileek: «Edukia ezingo da izan ez arrazista, ez matxista, ezta LGTBfobikoa ere».

Epaimahaiko kideak Igotz Hofe, Maren eta Zuriñe Hildago musikariak izango dira. Haien esku geldituko da hiru finalistak aukeratzea. 

Lehiaketako irabazleak 500 euroko saria irabaziko du, baita Ulu Studioetan grabatzeko eta grabaketaren bideoklipa egiteko aukera ere. Sari banaketa Donostiako Tabakalerako Kluba aretoan egingo dute, eta irabazleak kontzertu txiki bat egiteko aukera izango du bertan.

Epaimahaiak abestien originaltasuna, musika kalitatea, letra eta interpretazioa izango ditu irizpidetzat finalistak aukeratzeko. Parte hartu nahi dutenek Instagram eta Tiktok kontu hauetan aurkituko dute izena emateko esteka: @zureulua eta @ulua.eus. Edozein zalantza argitzeko, zureulua@gmail.com helbide elektronikora idatz daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA