Zuriñe Hidalgok eta Tor magoak aurkeztuko dute 'Sorgintxulo' saioa

4-12 urte arteko neska-mutikoentzako saioa ETB1en emango dute; ETB3n ere lekua izango du

Aitor Bilbao (Tor magoa) eta Zuriñe Hidalgo (Hesian) izango dira ETBko Sorgintxulo saio berriaren aurkezleak. EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2014ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
«Goizeko iratzargailu alaia» izateko asmoz, urtarrilean Sorgintxulo saioa estreinatuko du ETBk. 2008. urtetik, Euskal Telebistak ez du egin ekoizpen propioko haurrentzako saiorik. Zuzen izan zen azkena, Joseba Olagarairekin. ETB1ek goizero 07:00etatik 09:00etara emango du programa berria, eta ETB3ko programazioan ere aurkitu ahalko dira saioko edukiak eguneko beste ordu batzuetan —Nafarroan ezin da ikusi ETB3—.

Hiru pertsonaia izango dira Sorgintxulo-ren gidariak: Zuri sorgina (Hesian musika taldeko Zuriñe Hidalgo), Tor magoa (Aitor Bilbao) eta Gorritxo galtzagorria. ETBk azaldu duenez, Zuri «alaia, zuzena eta gozoa» da; Tor, «apur bat baldarra, baina denetarik dakiena»; eta Gorritxo, «jostalari eta bihurria».

Baleuko ekoizpen etxearen eta ETBren artean ekoitziko dute saioa; Baleukon hainbat urtetan aritu zen kudeatzaile lanetan egungo ETBko zuzendari Edu Barinaga. Udan, kargua hartu eta gutxira, honako hau iragarri zuen: «ETB1en izango dugu haurrentzako eta gazteentzako saio bat».

Idurre Cajaraville Baleukoko ekoizpenburuak nabarmendu du haur euskaldunentzat «espreski» egindako saio bat izango dela Sorgintxulo: «Gure izaera propioa aldarrikatu nahi dugu, gauzak egiteko eta pentsatzeko modu desberdina dugulako, ez besteena baino hobea, baina bai desberdina». Musika, magia, zientzia, efemerideak, euskara eta askotariko eduki hezitzaileak izango dira saioan. Euskal ondareari lotutako edukiak izango dira, eta lehiaketak ere egingo dituzte. Era berean, neska-mutikoentzako ezagunak diren marrazki bizidunak tartekatuko dituzte: Doraemon, Banana Cabana, Gumballen mundu harrigarria, Aita-amabitxi magikoak eta Shaun arditxoa.

Baleukoko ordezkariak gogorarazi du hainbat telebista kate daudela goizeko ordutegian etengabe marrazki bizidunak ematen. «Baina gure saioa propioa izango da; gure labela izango du, eta hori aldarrikatu nahi dugu. Gure ardura izango da neska-mutikoek irribarre bat aurpegian marraztuta eramatea etxeko atetik irten eta eskolara bidean abiatutakoan».

ETBk ere nabarmendu du programak «euskal izaera eta ondarea» hartu dituela oinarri, ETB1eko goizak magiaz eta umorez zipriztintzeko.

Bestalde, Sorgintxulo saioaren pertsonaia nagusiekin osatutako liburuxka bat argitaratu dute. Egunotan Mungiako (Bizkaia) Olentzeroren etxean banatuko dute, doan —Durangoko Azokan ere banatu zuten—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.