Bost egunez, jazz doinuek eta zaleek bete dute Donostia. Izan ere, 77 kontzertu izan dira Donostiako Jazzaldiaren 61. aldian, eta guztira ia 180.000 lagun joan dira hamabi agertokietara. Antolatzaileek gaur goizean aurkeztu dute aurtengo datuen balantzea, eta iragarri dute litekeena dela jaialdiak urtarrilerako zuzendari berria izatea.
Aurreko aldiko datuen antzekoak izan dira aurten ere: 179.483 ikusle guztira. Iaz baino 303 gehiago, hain justu. Diana Krall, Pat Metheny, Marcus Miller eta Samara Joy izan dira aurtengo kartelburuetako batzuk, eta lau zuzeneko «gogoangarri» horiekin eta horietarako sarrera guztiak salduta justifikatu dute antolatzaileek jaialdiaren «ospea» eta «erakargarritasuna».
Ez dira horiek izan, baina, sarrera guztiak saldu dituzten artista bakarrak. Zehazki, hamabost kontzertutako txartelak agortu dira: Kursaal auditoriumeko lau kontzertuetatik hirutakoak, Trinitate plazako bitakoak, Skoda San Telmo museoko bostetakoak, Viktoria Eugenia antzokiko bitakoak, Txillida Lekuko Zabalaga baserrian egin diren bietakoak eta Maria Cristina hoteleko kontzertu-afarikoak.
Bi artistaren zuzenekoak nabarmendu dituzte bereziki, «Europako jazzak eman duen maila handiaren erakusgarri» direlakoan: Nils Petter Molvaer tronpeta jotzaile eta konpositore norvegiarrarena batetik, eta Louis Sclavis klarinete eta saxofoi jotzaile frantsesarena bestetik. Eta, musikarien emanaldiak ez ezik, ikus-entzuleen erantzuna ere txalotu dute: «Aurten ere portaera eredugarria erakutsi dute, eta inolako gorabeherarik gabe jakin dute jaialdiaz gozatzen».
Zuzendaritza kolektiboa, oraingoz
Joan den apirilean hartu zuen erretiroa Miguel Martin jaialdiaren zuzendari ohiak, 42 urtez postuan izan ondoren. Hutsunea behin-behinean betetzeko deialdia egin zuen festibalak iaz, baina prozesua gainditu zuten bi hautagaiek uko egin zioten ardurari.
Aurten, Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendariak bete du haren rola, baina antolatzaileek adierazi dute datorren urterako postua beteta egotea espero dutela. Bien bitartean, urte luzez Martinekin batera jaialdia antolatzen aritu den lantaldea arduratuko da hurrengo egitaraua osatzeaz. Abendurako ordainpeko kontzertuen zerrenda osatuta egotea espero dute, sarrerak salgai jarri ahal izateko. 2027ko uztailaren 21etik 25era egingo da hurrengo Jazzaldia.