Aurten ehun urte bete dira Eiri Amach na Casca edo Pazko matxinada gertatu zenetik Dublingo kaleetan. 50. urteurreneko ospakizunetan ez bezala, zeinetan 1916ko gizonak izan baitzituzten ardatz, oraingo honetan historia ofizialetik kanpo geratutako ahotsak berreskuratzea izan da helburu nagusia; emakumeenak, besteak beste. Horren harira, urtea hasi zenetik hona, argitara eman dira 1916an emakumeek jokatutako ezinbesteko rola azaltzen duten hainbat argitalpen. Haien artean dago Richard Barracksen We Were There: 77 Women of Easter Rising (Han izan ginen: Pazko matxinadako 77 emakume).
Roddy Doyleren A Star Called Henry (1999, Henry izeneko izarra) ez da liburu berria, bainagustura irakurtzen da, baita behin baino gehiagotan berrirakurri ere, hain zuzen 1916ko gertaerak ohikoa ez den ikuspuntu batetik azaltzen dituelako, hots, Dublingo behe auzoetan jaio eta hazitako gazte baten ikuspuntutik. James Connolly buruzagi sozialistaren eraginez, Henry Smart istorioko protagonistaohartuko da bere zoritxarren sorburua ez dela naturala, ez eta, amak uste zuen bezala, hildako anaia baten izena jasotzearen ondorio. Aitzitik, klase sistemak jarraipena ematen dion desberdintasunaren emaitza da. Klase gabeko gizarte baten ametsak gidatuta, non ume gehiago ez den gosez hilko kale gorrian anaia Victor bezala, Irlandako Herritarren Armadan izena eman eta 1916ko iraultzan aktiboki parte hartuko du Henryk. Heroismo kutsurik ez du gertaerak deskribatzeko erabilitako moduak, eta, horri esker, irakurleak iraultzako partaideen interes kontrajarrien berri jasotzen du. Connollyren exekuzioaren ostean, konturatuko da aukera handirik ez dela bere amets sozialistak betetzeko, eta gatazkak hartuko duen norabide nazionalistak zuzen dagoela adierazikodu.
A Star Called Henry nobela matxinada jazo eta zortzi hamarkada geroago argitaratu zen, Irlandako Errepublikan pobrezia tasa handia zenean batik bat emakumeak buru zituzten etxeetan, eta komunikabideek zenbait eskandalu jakinarazi zituztenean; besteak beste, 1930eko eta 1970eko hamarkaden artean estatuko haurtzaindegi sisteman hainbat haurrek jasandako tratu txarrak. Neurri batean, Doyleren nobela gogoeta gisa irakur daiteke, Errepublikaren 1916ko Aldarrikapenean (ForĂ³gra na Poblachta) azaldu baina independentziaren ostean bete gabe geratutako eskubideen gaineko gogoeta gisa.
Antzeko estrategia darabil Jamie O'Neillen At Swim Two Boys 1916ko matxinadaren gaineko nobelak ere (2001, Bi mutil igeri egiten), baina, kasu honetan, gayen eskubideen gaiari heltzeko. O'Neillen laneko protagonistak elkarrekin maitemintzen diren bi mutil dira, askatasunez elkar maitatzen utziko dien herri aske baten alde iraultzaileekin bat egingo dutenak.
Asko dago irakurtzeko 1916ko iraultzak irlandarren memorian betetzen duen toki garrantzitsuaren gainean. Azken batean, iraultzak ez zuen ekarri britainiar agintearen amaiera; bai, ordea, independentzia prozesua abian jarri —Irlandako Boluntarioek eta Irlandako Herritarren Armadak osatutako ForĂ³gra na Poblachta 1919ko Independentzia Aldarrikapenaren oinarri izan zen—. A Star Called Henry eta At Swim Two Boys lanek erantzun posible bat eskaintzen digute: aukeraz betetako garaia izan zen hura, irlandarrentzako herri hobe baten promesa.
Hala ere, denak ez datoz bat interpretazio horrekin. Giro errebisionistetan argudio nagusia da iraultzak eragin txikia izan zuela, zenbakiei begira irlandar gehienen babesa ez zuelako. Errebisionistek «kriminaltzat» jo zituzten iraultzaileak —batzuek «terrorista» hitza ere aipatzen dute—. Matxinadan nagusitu zen indarkeriak deseroso sentiarazten ditu zenbait, Mendebaldeak Mendebaldean bertan indarkeria arrazoi politikoengatik erabiltzea onartzen ez duen garaiotan. Gerrak sustatzen jarraitzen du; etxetik kanpo, ordea, eta demokraziaren alde, hala diote behintzat.
Iraultza eta testuingurua
1916ko iraultza, baina, ez zen kasu bakana izan. Easter 1916: A Global History lanean (2015, 1916ko Pazko egunak: Historia globala), I. Mundu Gerrak aurrera egin ahala garai hartan Europan zein kolonietan gertaturiko gatazka odoltsuen testuinguruan aztertu du iraultza Keith Jefferyk. Ezer izatekotan, nazioaren sorreraren oinarrian dagoen indarkeriaren —Mendebaldeko nazio guztien ezaugarria ere bada— eta deskolonizatze prozesuaren gogortasunaren adibide da 1916ko matxinada. Jakina, Ernest Renanek esan zuen bezala, nazioaren sorreran indarkeria bezain funtsezkoa da hura ahaztea, azken horretan baitatza haren arrakasta.
Duela gutxi, errepublikak 1916ko Pazko egunetako gertakariak iraganean utzi eta haiek ospatzeari utzi beharko litzaiokeen galdetu zieten batxilergoko gazte batzuei debate saio batean. Antzeko proposamena dakar Edna O'Brienen A House of Splendid Isolation lanak (1994, Isolamendu paregabeko etxea), Iparraldeko gatazka garaikidearen erremedio gisa. Behin-behineko IRAk eta paramilitar loialistek behin betiko su-etena aldarrikatu zuten urtean bertan argitaratutako nobela horretan, iparraldeko probintziak atzerritar bihurtu dira errepublikako herritar zintzoentzat, zeintzuentzat historia abesti eta elezaharretan bizi den. 1916ko feniarrak —esaten dio Josiek IRAko kide McGreevyri— hilda daude denak, eta haien kausa aspaldi desagertu zen. McGreevyk bestela uste du, eta andre zaharrari esaten dio hegoaldea iparraldearekin ahaztu egin dela.
Ez dago 1916ko iraultzaren gaineko memoria bakarra —gutxienez, bikoitza da—. Errepublikarentzat, data horrek britainiar agintearen amaieraren hasiera eta estatu librearen sorrera adierazten du. Iparraldearentzat, bete gabeko promesa da, matxinatu eta bost urtera Irlanda bitan banatu baitzuten, iparraldeko zazpi probintziak britainiarren eskutan utzita. Iparraldearentzat, 2016a, Pazko matxinadaren urteurrena ez ezik, Maze presondegiko gose grebarena ere bada (35.a).
1916ko iraultza gaur
Mendea bete da asteon irlandarrak beren burujabetzaren alde armak eskutan altxatu zirela. Hainbat izan dira, eta askotariko ikuspegietatik, gertakari hori literaturara eraman duten idazleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu