Kantari eta musika talde asko loratu ziren 1976. urtean; horietariko bat, Herrezpalak —herri eta ezpalak hitzetatik sortua—. Bi adiskidek osatu zuten musika talde hori, biak ere kantari amorratuak. Bata, Joxerra Garzia da (Legazpi, Gipuzkoa, 1953), Euskadi Irratiko esatari, ETBko Hitzetik Hortzera programaren sortzaile eta zuzendari, abesti hitz asko eta askoren egile, eta EHUko Publizitate eta Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasle izandakoa. Bestea, berriz, Iñaki Ugarte (Irun, Gipuzkoa,1958), euskara irakasle, udal euskaltegiko zuzendari eta zinegotzia izana bere sorterrian. Gitarra bat lagun hartuta aritzen ziren kantari, dena emanda aritu ere, hori izaki-eta lagunartean «debaldeko festa» antolatzeko modua haientzat. Oraintsu, Gontzal Iñarra (Donostia, 1959) Oskarbi taldeko flautista, musikari eta konpositorea batu zaie Garziari eta Ugarteri, eta orduko hura abiapuntutzat hartuta, Erdia zazpi diskoa ondu dute elkarrekin. Beste izenburu bat ere badakar azpian: Iraultzaren errautsak (1976-2026). Hamalau abesti biltzen ditu.
Hain zuzen, zazpi kantuk osatu zuten Herrezpalak taldearen errepertorioa 1976an, eta garaiko giroaren ispilu ziren denak ere. «Franco hil, Segoviako ihesa, Josu Zabala Hondarribian hil, Iñaki eta biok EIA alderdiaren jiran... Garai hartan esku-eskura ikusten genuen iraultzagintza, eta horien inguruko kezkak agertzen genituen abestien hitzetan», azaldu du Garziak. Bestalde, Etxamendi eta Larralderen «zale sutsuak» ziren bi-biak, eta haien kanta ugari ere abesten zituzten, «labur moldaturik».
Urte hura berritzean, bereziki hiru kantaldi gogoratzen ditu Garziak. Bata, Maite Idirinekin eta Niko Etxartekin izandakoa, Laudion (Araba). Bigarrena, urriaren 23an izan zen, Lleidan (Herrialde Katalanak) antolatutako Galeusca jaialdian. «Mikel Laboak ezin, eta gu joan ginen haren ordez, lotsa auzoan galduta. Maria del Mar Boneten ostean kantatu behar izan genuen. Hura sekulako orkestrarekin, eta gu, gitarra ziztrin batekin...». Hirugarren kantaldia urtearen hondarrean izan zen, zehazki abenduaren 17an, Arrasateko Gurea zineman (Gipuzkoa). «Errobi taldearen ostean ginen kantatzekoak. Duhalde Euskadi, hori da hori kantatzen hasi orduko, guardia zibilak sartu ziren, eta aretoa husteko minutu bat eman zuten. Minutua agortu baino lehen, tiroka hasi ziren, eta ahal izan genuen moduan egin genuen ihes, kantatu gabe».
Kantaldi haien ondoren, nork bere bidea hartu zuen, eta Garzia eta Ugarte nekez batu ziren berriro oholtza gainean. Halere, inoiz ez dute kantua erabat bazter uzteko planik izan. Garzia: «Beti izan dut buruan zazpi kantu horiek txukun grabatzeko ideia. Baina ez musikalki ezer asko direlako, baizik eta garai jakin bateko argazki jator samarra osatzen dutelako».
«'Hamalau' hitzak badu euskaraz 'hantuste' edo 'handinahi' adiera, eta hori ere iradoki nahi genuen. Badakigu ez garela hamalau, izatekotan zazpi akaso...»
JOXERRA GARZIA Abeslaria
Argudio horrekin berarekin joan zitzaion Garzia Ugarteri, 2023an, berriro kantuan aritzeko proposamena egitera. Garziaren etxean hasi ziren elkartzen, hilean behin, eta pare bat orduko saioetan. «Nire gitarra lagun hartuta zazpi kantu horiek landu, eta eskuko telefonoarekin grabatu genituen, txukun samar. Baina gustura ari ginen eta, azkenerako, 51 kantura heldu ginen. Mende erdi honi buruzko gure ikuspegiarekin bat zetozen kantak hautatzen genituen, edota guretzat esanguratsua den zerbait diotenak: Nik ez dut amets handirik, Hutsa, Eki Eder, Ibiltariarena...». Lau abesti horiek, hain justu, diskoaren errepertorioan daude, eta honokoak dira gainontzekoak: Herrezpalak, Ibardingo mugan, Nun dira gure lagunak, Mendiz, Oriol, Garaztarra, Goizero hasten delako, Otxagabian, Kapitain oker eta Tristuratik itsasoa.
Esan zahar baten ironiaz
Guztira hamalau abesti izanik, Erdia zazpi izenburuarekin jolasean aritu direla ematen du. Alta, «txiripaz» heldu omen ziren kopuru horretara. «Grabatzen hasi ginenean, hamarren bat kanta izango zirelakoan ginen, baina gustura ari ginen hor ere, eta hamahirura zabaldu genuen zerrenda. Azken orduan, gu guztion lagun Jorge Gimenezen poema bat ekarri zigun Gontzalek. Musikatua zuen lehendik. Horrexekin osatu genuen hamalauko saila».
Kantu kopuruari ez, eta «hamalaura ezkero, erdia zazpi» esan zaharrari zor dio Garziak diskoari izenburua jartzeko inspirazioa. «Ez dira asko ironia baliatzen duten euskal esaerak, eta horixe dut nik denetan gustukoena. Hamalau hitzak badu euskaraz hantuste edo handinahi adiera, eta hori ere iradoki nahi genuen. Badakigu ez garela hamalau, izatekotan zazpi akaso...».
Diskoa ez dago salgai, tirada motz samarra egin baitute: «Lagunartean banatzeko adina eta kito». Baina entzungai jarrita dago sarean, www.herrezpalak.eus webgunean. Hamalau abestiak, abesti hitzen itzulpenak, diskorako sortutako irudiak, taldearen ibilbidearen gaineko informazioa eta bestelako azalpenak aurki daitezke bertan.