Bukatu da proposamenak jasotzeko epea, eta azkenean hogei talderen maketak onartu dituzte Herri Urratsen III. Musika Maketen Lehiaketan parte hartzeko. Askotariko proposamenak dira bai jatorri geografikoari eta bai molde estilistikoari dagokienez. Gipuzkoakoak dira hamar proposamen, Bizkaikoak sei, Nafarroakoak bi, Arabakoa bat eta Lapurdikoa eta Nafarroa Beherekoa beste bat. Pop-rocka da estilo nagusia, nahiz eta arlo horretakoen artean baden alderik ere, batzuk estilo klasikoagoetara jotzen baitute, eta besteek modu berritzaileagoetara. Badira hiruzpalau bakarlari, badira reggaea ardatz dutenak, trikitia eta musika elektronikoa uztartzen dituztenak, eta baita musika klasikora zein herri musikara gerturatzen direnak ere.
Talde guztiek hiruna kantu aurkeztu dituzte, guztiak euskaraz, eta Badok atariak zerrenda bat osatuko du talde bakoitzaren kantu bat bilduta. Zerrenda hori heldu den astean plazaratu eta zabalduko da. Orduan hasiko da lehiaketaren bigarren fase nagusia. Epaimahaikideek bost talde aukeratuko dituzte otsailaren 14rako. Horren ostean, eta astebeteko epean (otsailak 17-23), entzuleen bozketa izango da BADOKen, bost talde horien artekoa. Beste boto bat izango da, epaimahaikideekin batera irabazlea hautatzen lagunduko duena.
(jarraitu irakurtzen, Badok.eus-en)