Iban Zaldua.
Elefanteen Zimiterioa

2025eko (zaharrunorik) onenak

2026ko urtarrilaren 11
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ondo jakina denez, behin edo bitan errepikatzen den zerbait tradizio bihurtzen da Euskal Herrian (eta gehixeagotan egiten bada, ohitura historiko eztabaidaezin: galdetu bestela Irungo edo Hondarribiko alarde matxistetan). Beraz, joan den urtean bezala data hauetan, nire zaharruno onenen zerrendarekin nator: ez dira, agian, disko abangoardistenak izango (tira, «agian»: seguru ezetz), baina adin bateko talde eta musikariek sortzen jarraitzen dutela gogorarazteko behintzat balio lezake urteko onenen zerrenda ohikoen imitazio kaskar (eta ironiko) honek. Izan ere, tentatuta egon naiz Wet Leg talde britainiarraren bigarren albuma, Moisturizer (Domino, 2025), zerrendako lehenengoa bihurtzeko, ez baita alferrik aurten gehienetan entzun dudan diskoetako bat. Gaiztakeria bat litzateke, baina, Wet Legeko neskek apenas bete dituztelako hiru hamarraldi mundu honetan, eta gaztaroa txiklea bezala tenkatzen den garaiotan laido bat izango litzatekeelako haiek zahartzat hartzea, zer esanik ez (nahiz eta, estilistikoki, eta haien debuta bezala, hain dagoen albumaren soinua 1990eko hamarkadako indie rock saltokariarenarekin lotuta, ezen justifikatuta bailegoke, neurri batean…). Edonola ere, eta Catch These Fists lehenengo singleak hotz samar utzi ninduen arren (ez zitzaidan iruditzen aurreko albumeko Chaise Longue arrakastatsua berdintzera hel zitekeenik), disko osoak asko irabazten du entzunaldiz entzunaldi, eta, esan bezala, aurtengo nire kutunenetako bat bihurtu da azkenean (entzun CPR kontundentea, Davina McCall kostunbrista, Mangetout ia weezerzalea eta 11:21 geldoa, agian sortako berritzaile eta harrigarriena). Baina, esan bezala, azkenean txintxoa izan naiz, eta ondoren irakurriko dituzuen horiek aukeratu ditut, lehen zerrenda luzeagotik Don Inorrezen Aztia, Stereolab-en Instant Holograms On Metal Film edo Paul Weller-en Find El Dorado bezalakoak (penaz) baztertu ondoren. 

thecharlatans

The Charlatans

'We Are Love'BMG, 2025

Sail honetako historiaurreko artikuluetako batean esan nuen: norbaitek apustu egin izan balu Madchester delakoaren eztandatxotik zein taldek izango zuen ibilbide oparoena, inor gutxik egingo zukeen The Charlatansen alde, izateagatik ez zutenak ezta izen originalegi bat ere (Estatu Batuetan bazegoen, 1960ko hamarralditik, izen bereko folk-rockeko banda bat, britainiarrak behartu zituena hango biretan-eta «The Charlatans UK» izendapena hartzera). Bada, estudioko 14. albuma dute honakoa, eta ez da meritu makala, taldeak heriotzek eragindako galera gogorrak izan dituelako bidean zehar (jatorrizko teklista eta bateria). Bestela, taldekideek tinko eutsi diote Tim Burgess kantariaren inguruan, eta, azken honetan gertatu den bezala, albumetako kantak guztien artean sinatzeko ohitura izan dute beti, oso seinale ona dena. Egia da aspaldi ez zetozela album berri batekin (2017ko Different Days-etik alegia), baina, agian horregatik, aurrekoetan baino biribilagoa atera zaie hau, musikaren, maitasunaren eta bizitza (gutxi gorabehera) helduaren ospakizun bat iruditu zaidana, eta The Charlatansen ibilbide osoko oihartzunak jasotzen dituena: badago, noski, iragan baggy haietarako oroigarririk (argiena, Deeper And Deeper), baina pop britainiar eguzkitsuenaren bilduma perfektutzat  har dezakegu albuma (baldin eta britainiar eta eguzkitsu ez baditugu oximorontzat jotzen), psikodelia ukitu doiekin, eta We Are Love, For The Girls eta Glad You Grabbed Me gisako emaitza ederrekin (nahiz eta niri bereziki gustatu zaizkidan haien kanon anitzetik pixka bat urruntzen diren Out On Your Own —Inspiral Carpets eta Stereolaben arteko gurutzaketa inposible bat—, eta Salt Water miniatura beatlezalea). Animoa altxatzeko album bereziki egokia.

suede

SUEDE

'Antidepressants'BMG, 2025

Ba aurreko albuma altxagarria bazen, honako hau horren ifrentzua da, beheraldirako gonbit argi bat, hainbeste ezen izenburuak anti- aurrizkia sobran daukala esan baitaiteke. Suede, Britpoparen garaiko ikur nagusietako bat, 1990eko hamarraldi distiratsu bezain gatazkatsu baten protagonista izan zen (anbiguotasun sexualarekiko jolas iradokitzaileak, gitarrista-aldaketak, arazoak drogekin…), bost elepe ikoniko utzi zituena apurketa saihetsezina iritsi zen arte, 2003an. Ondoren, ohikoa: norabide argirik gabeko partaideen bakarkako lanak, bizitza osasuntsuari ekiteko saioak, eta bandaren berrelkartzea, 2013tik beste hainbeste album utzi dituena bidean, hasierako mailari eutsi, eta musika-paleta zabaltzeko aukera eman diotenak Suederi, hastapenetako glam-rockeko oinarritik (pixka bat) aldenduta (dramarako jitetik, ez hainbeste). Antidepressants honetarako aukeratu duten estilema post-punkaren alde ilunenarena izango litzateke, are garai bateko rock gotikoarena: gitarren eta perkusioaren trataerak, maiz, oso gogora ekartzen du Siouxsie and the Banshees edo The Sound gisakoen musika. Eta konbentzimenduz egiten dute hori, Suede izateari utzi gabe alegia, hasierako Disintegrate artegagarritik (elkarren arteko suntsipena aldarrikatzen duen «maitasunezko» kanta bat) amaierako Overload izugarrira arte («Baina gainkargatuta nago (bis) / Estintzioaren beldur naiz / Gainkargatuta nago (bis) / Tentsioa nabaritzen duzu?»). Are doinua argitsuagoa bihurtzen denean, Brett Andersonek semeari dedikatutako Sweet Kid kantan bezala, bizitzaren iheskortasuna da gaia (alajaina). Ezin traidorea denik esan: LPak Francis Bacon-engan inspiratutako harakindegi eiteko azaletik abisatzen dio entzuleari datorkionaz.

theoverview

Steven Wilson

'The Overview'

Fiction, 2025

Aitorpen bat: aipatu Moisturizer eskuratu arte, Steven Wilsonen hau izan da, aurtengo diskoen artean, gehien entzun dudana (eta, ondorioz, hemen egon behar du). Eta, are gehiago, hainbeste gustatu zitzaidan, ezen animatu bainintzen Madrilera joatera, uda hasieran, zuzenean nola jotzen zuen ikustera (bikain). Wilsonek, Porcupine Tree taldearen burmuin bezala ezagunagoa denak, bakarkako ibilbide esanguratsu bat egin du rock progresibo garaikidean 2000ko hamarralditik, azken urteotan popera gehiago hurbildu bada ere. Album honetan, ordea, bere erroetara itzuli da bete-betean: bi suite luzez (biniloaren alde bakoitzeko bat) osatutako lan kontzeptual batekin (rock sinfonikoaren garai arranditsuenetan egiten zen bezala hain zuzen), gure bizitza humanoen txikitasuna kosmosaren handitasunarekin alderatzen duena, lurra espaziotik nola ikusten den abiapuntu hartuta (to eta ño). Nahi duenak Pink Floyd, Kraftwerk, Vangelis edo metal progresiboko hainbat bandaren oihartzunak topatuko ditu bertan, baina, egiazki, Wilsonek aspaldi gainditu ditu konparazio horiek, sintesi oso berea onduta. Arazoa (eta, niretzat, damua) izan zen horrelako gai batekin, zeinak, azken finean, gizakion arteko gatazka ñimiñoak konpontzeko dei esplizitua egiten baitu (unibertsoaren zabaltasunaren aurrean), kontzertu hartan ez ziola inolako erreferentziarik egin Gazako sarraskiari. Ikertzera eraman ninduena, eta Wilsonen jarrera pro-israeldar (antza) ezagunaz jabetzera. Eta, Gazako genozidioak aurrera egin ahala Wilsonek bere ikuspegia pixka bat ñabartu duen arren, egia da, jakin nuenetik, eta artikulu hau idatzi arte, ez naizela diskoa entzutera itzuli: niri, batzuetan, kosta egiten zait egilea eta obra bereiztea. Are gehiago musika bezain kontu pertsonalez ari bagara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.