Geroz eta gutxiago geratzen da Donostiako 73. Zinemaldirako, eta zinemazaleei ezer gutxi falta zaie jakiteko aurtengo aldiaren inguruan. Antolatzaileek, oraingoan, festibala irekiko eta itxiko duten filmak zeintzuk izango diren jakinarazi dute. Daniel Hendler (Montevideo, 1976) zinemagilearen 27 noches filmak irekiko du Sail Ofiziala, irailaren 19ko inaugurazio galan. Itxiera ekitaldian berriz, irailaren 27an, Kasia Adamiken Winter of the Crow pelikula proiektatuko dute —lehiaz kanpo egongo da—.
27 noches-eko zuzendaria izateaz gain, bertako protagonistetako bat ere bada Hendler. Martha Hoffmanen istorioa kontatzen du filmak. Haren alabek, haren gogoz kontra, psikiatriko batean sartu nahi dute. Peritu batek Hoffmanen buru osasuna zer-nolakoa den aztertu beharko du orduan. Zinemagilearen beste film bat ere proiektatuko dute aurtengo Zinemaldian: Un cabo suelto; Horizontes Latinos sailean, hain zuzen. Behin baino gehiagotan aurkeztu ditu argentinarrak bere lanak Zinemaldian.
Kasia Adamiken (Varsovia, Polonia, 1972) lan berria da Winter of the Crow. Olga Tokarczuk idazlearen —2018ko literaturako Nobel saria lortu zuen— narrazio labur batean oinarrituta dago lana; zehazki, Gerra Hotzean girotuta dago. 1981eko abenduan Varsoviako unibertsitatera hitzaldi bat ematera joandako irakasle bat da kontakizunaren ardatza. Bertan dagoela, gerra legea ezarriko du gobernuak, eta hirian harrapatuta geratuko da. Leslie Manville aktoreak jokatzen du protagonistaren rola.
Sarrerak, bihartik aurrera
Bihar 10:00etatik aurrera jarriko dira salgai inaugurazio eta itxiera galeratarako sarrerak; Zinemaldiko eta Kutxabankeko webguneetan egongo dira eskuragarri. Hasierako ekitaldiko aurkezleetako bat Itziar Ituño izango da, Silvia Abril eta Toni Acosta aktore espainiarrekin batera. Ekitaldi horretan Donostia saria emango diote Esther Garcia zinemagileari. 20:30ean izango da, eta Etb1en, eitb.eus-en eta Zinemaldiaren webgunean zuzenean emango dute. Hilaren 27ko ekitaldia aurkezteaz Itsaso Arana aktore eta zuzendaria arduratuko da. Ekitaldi hori zuzenean emango dute Belodromoan.