Berrogei urte bete berri ditu Joseba Gotzonek musikagintzan (Portugalete, Bizkaia, 1962). Erraz esaten da, baina, ez dira ez erraz betetzen. Zenbaki borobil hori modu berezian ospatu nahi izan du, eta horren fruitua izan da 40 sinfonikoa diskoa. Bertan, urte horietan guztietan ondutako bost abesti jaso ditu, eta beste lau gehitu dizkio, berriak. Boliviako Chuquiago Marka Orkestra Sinfonikoarekin grabatu du diskoa, lagun duen Christian Asturizagaren zuzendaritzapean. Azaroan argitaratu zuen, eta harrera «oso ona» izan duela adierazi du: «Jendeari asko gustatu zaio; izan ere, euskal musikan oso musika sinfoniko gutxi dago, eta eskertu dute».
Batek baino gehiagok, agian, esango dute: baina Portugaletekoa izanda, nolatan joan da Boliviaraino diskoa grabatzera? Bada, hemen haren erantzuna: «Nire lehentasuna, noski, Euskal Herriko orkestraren batekin grabatzea zen, baina zaila izan zen haiekin harremanetan jartzea, eta akordio bat lortzea. Christian Asturizaga lehendik ezagutzen nuen, eta hark gomendatu zidan orkestra hori». Moldaketak eta abestiak bidali zizkion Asturizagari, eta, bien arteko harreman onari esker, adierazi du haren laguntza izan duela une oro: «Bai proiektua, bai estudioa, bai orkestra, berak koordinatu zuen guztia».Â
Ibilbidean zehar egindako bost abesti moldatu ditu: Loreak bidali nizkizun (1987), Bihotza ezin da erosi (1999), Maitasun sonetoa (2003), Deserria (2006) eta Urrundik (2020). Abesti bakoitzak identitate «berezia» edukitzea nahi zuen: «Modu horretan, diskoan sartutako abestiak ezberdinak izatea nahi nuen musika aldetik». Abesti berrien artean, ostera, honako hauek daude: 21 razones, Siéntete admirable, Ezer ez da berdina eta Sua. Horietako hiruri, gainera, irudia ere jarri die; La Pazeko (Bolivia) Alberto Saavedra antzokian grabatu ditu bideoklipak.
«Ez diot inoiz jarraitu modan dagoen musikari. Nire ibilbide propioa egitea erabaki nuen, boladakoa kontuan hartu gabe»
JOSEBA GOTZON Musikaria
Gotzonek ez du lehen aldia orkestra sinfoniko batekin lan egiten, eta aitortu du horregatik «lekuz kanpo» sentitu dela musikan: «Ez diot inoiz jarraitu modan dagoen musikari. Nire ibilbide propioa egitea erabaki nuen, boladakoa kontuan hartu gabe». «Nik beti esan izan dut ez dudala kontuan hartu arrakasta, edo nire musika masiboa izatea. Niretzat garrantzitsuena da neu gustura egotea. Niri gustatzeaz gain jendeari gustatzen bazaio, primeran, baina ez dut egiten jendearen gustuetan pentsatuta», gehitu du. Edonola ere, baikor begiratu die berrogei urte horiei, eta azpimarratu du gustura gelditu dela argitaratu berri duen lanarekin: «Zorte handia izan dut. Ez naiz inoiz Bolivian egon, eta orkestra ezagutu gabe hara joatea horrelako disko bat grabatzera... Itsu-itsuan ausartu nintzen, eta esperientzia oso ona izan zen».
Euskarazko musika Hego Amerikan
Hego Amerikan eman ditu kontzertu gehien, birak ere egin ditu han, eta hori izan da arrazoietako bat diskoa ere bertan grabatzeko. Aitortu du «oso gustura» sentitzen dela han eta bertakoak «harrituta» geratzen direla euskarazko kantak entzuten dituztenean: «Euskara, hizkuntza bera, ez dute ezagutzen; are gehiago, askok ez dakite Euskal Herria non dagoen ere». Edonola ere, argitu du hori ez dela oztopoa izan bere musika jendearengana heltzeko: «Ondo transmititzen baduzu, eta jendeari aukera ematen badiozu zuk kantatzen duzuna ulertzeko, jendeak harrera ona egingo dio. Orokorrean, oso gustura aritzen naiz kanpoan euskaraz abesten».
Abesti guztiak euskaraz dituen arren, diskoaren gaztelaniazko bertsioa ere eskuragarri dago; Euskal Herritik kanpo joaten denean «jendeak bi hizkuntzatan abestu ahal izateko» egin du hori: «Horrela, jendeak nire kantuak ulertuko ditu, eta aukera izango dute euskaraz zein gazteleraz abesteko». Alde horretatik, «interesgarria» iruditzen zaio bi bertsio izatea. Zazpi kantu gaztelaniaz egongo dira, eta bi euskaraz —Urrundik eta Bihotza ezin da erosi bere horretan utzi ditu—. «Nire iritziz, ez du merezi kantu batzuk itzultzea, asko galtzen baita, eta esan nahi duzuna ez da berdin transmititzen».Â
Diskoa atera berritan, bira bat antolatzen ari dela aurreratu du. Boliviara, Mexikora eta Argentinara joateko asmoa du, eta Euskal Herrian ere gustatuko litzaioke kontzertu batzuk ematea, baina gaineratu du oraingoz ez duela presarik: «Agian uda baino lehen, edo udazkenean. Egitekotan, ondo egitea gustatuko litzaidake».