42.000 ikusle izan ditu, orain arte, 'Dantza' filmak zinema aretoetan

DVD euskarrian eta plataforma digitaletan ere ikus daiteke dagoeneko. Gasteizko Florida zinemetan 11 astean jarraian egon da programatuta

Urbeltz, Fernandez eta Esnal, atzo egindako agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Abenduaren 21ean egin zuten Dantza filmaren estreinaldi komertziala, eta, lehen asteetan, bete egin ziren aretoetako asko. Gehien ikusitako filma izan zen zenbait tokitan, besteak beste, Donostian eta Iruñeko Yamagochi zinemetan. Gasteizko Florida zinemetan, berriz, 11 astean jarraian egon zen programatuta, eta, Marian Fernandez Txintxua ekoiztetxeko arduradunaren esanetan, «kopuru oso interesgarria» da hori gaur egunerako. Proportzioan, Donostian bildu ditu ikusle gehien, eta haren atzetik, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen. Alabaina, Euskal Herriko nahiz Espainiako beste hiri eta herri askotan ere izan da filma ikusteko aukera; guztira, 69 pantailatan. Eta, orotara, 42.000 ikusle izan ditu. «Datuak ikusgarriak dira den pelikularako; hala ere, uste dut plataformetan ikusteko aukera edukitzeak asko zabalduko duela pelikula oraindik; batez ere, hemendik kanpo», azaldu du Telmo Esnal zuzendariak.

Hain zuzen, DVD euskarrian ere jarri dute salgai dagoeneko, eta Filmin, Rakuten, Vodafone eta Movistar plataformen bidez ere ikus daiteke jada. Bitxikeria moduan, Renferen ibilbide luzeko trenetan ere emango dute apirilean eta maiatzean. Formatu berria aurkezteko egindako agerraldia baliatu dute filmaren egileek orain arteko balantzea egiteko, Donostiako Zinemaldian egindako aurrestreinalditik hasita. «Emanaldi guztiak bete ziren, eta sentsazio oso ona eragin zigun, bai publikoaren eta bai kritikaren aldetik. Greenpeaceren Lurra saria jaso genuen, eta horrek guztiak estreinaldi komertziala prestatzeko bultzada eman zigun».

Aretoetan izandako kopuruen balorazio oso positiboa egin dute, baina harago ere joan da Esnal. «Beti esaten dut hau ez dela pelikula bat soilik, eta publikoak ere horrela hartu duela sentitu dut». Leku guztietan harrera oso ona izan duela kontatu du, eta zorionak ematetik eskerrak ematera pasatu zaiola jendea, eta horrek bereziki bete duela, bai eta filmaren bueltan herritarrekin izandako solasaldiek ere.

Filmaren bakantasuna nabarmendu du, berriz, Juan Antonio Urbeltz koreografoak: «Filmean istoriorik ez dagoenean, dokumentura pasatzen da; eta, kasu honetan, alderantziz izan da; dokumentutik pasatu dira istoriora, eta hori ezohikoa da Mendebaldeko Europan, ez dago hau bezalako pelikularik». Ausardia eskertu die Esnali eta Koldobika Jauregi produkzio diseinatzaileari. «Bestela, ezingo genuke aurrera egin».

Kanpora zabaltzeko ahaleginetan ari dira orain Dantza-ren egileak, eta, besteak beste, AEBetan ere bira bat egitekoak dira hango euskal etxeen bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.