'Ene Jesus'
Egilea: Ramon Saizarbitoria. Argitaletxea: Erein.
50 urteren ondoren berrargitaratu du Erein argitaletxeak Ene Jesus. Liburuak 1994koa zuen azken edizioa, eta, orduz geroztik, Ramon Saizarbitoriaren ibilbidean oihartzun txikiko liburua izanik, zaila izan da lortzen, deskatalogatuta ere ibili baita liburu dendetan. Oraingoa, ostera, ez da berrargitalpen hutsa, Joxean Muñozen irudiez hornitutako edizio berezia ere kaleratu denez. Saizarbitoriaren hirugarren nobela da Ene Jesus, esangura zinez berezikoa bere ibilbidean.
Aurreko bi eleberrietako esperimentazio formala muturrera darama Saizarbitoriak. Formaren agortzea dago liburuan, zehatzago esanda. Istorioak kontatzeaz aspertuta, edo asmo horretan porrot eginda, zenbakiak kontatzen hasiko da protagonista, isiltasunerantz lerratuko da bere bakarkako zenbaketan. Gela akoltxatu batean itxita daukaten gizonak bere buruari kontatutako istorioak, eldarnio itxuran agertutako imajinak, behin eta berriz hartu eta askatutako hariak. Eta, batez ere, mataza nahasi horretako eszena eta hitz errepikatuak. Horietan gordetzen dira gizona oinazetzen duten zauri sakonak, berunezko zama eta sufrimendu latza. Agoniko hitzak definitu dezake liburua, definitu badaiteke behintzat. Akaso irudi batek asmatu lezake gehiago; Edvard Munchen Oihua, esaterako, dezente hurbil liteke liburuaren muinera. Hortik, beharbada, Joxean Muñozen irudi bidezko elkarrizketa saiakera.
Edonola ere, Ene Jesus-en bertuterik handiena bere zehaztugabetasuna da, funtsean irekitasuna delako. Saizarbitoriak ez du irakurlea inozotzat hartzen, ez du eskutik eraman beharreko umetzat tratatzen. Aitzitik, irakurlea kritikoa delako ziurtasunez dihardu idazleak. Zaila adjektiboa erantsi izan zaio liburuari, baina, Joxean Muñozek hitzaurrean esan bezala, erraz samar ulertzen da. Izan ere, organikoa da testua, lerroz lerro isurtzen zaio protagonistaren desesperazioa. Inpaktua berehalakoa da, ez dago interpretazio eta bestelakoetan pentsatu beharrik. Formaren eta literariotasunaren pultsuak berak eusten dio mamiari, horrexek lortzen du abaildura eta agortze sentsazioa irakurlearengana iristea. Zatikatzea, bristaden gisan agertzen diren imajinak, idazkera zientifikoaren erabilera, protagonistaren bakarrizketa behin eta berriz berrartua, enegarrenez frakasatua. Den-dena dago atzeko planotik punpaka dabilen muinaren zerbitzura.
Gezurra badirudi ere, Ramon Saizarbitoriak 1976an kaleratu zuen Ene Jesus, euskal literatura modernoa artean guztiz erditu gabe zegoela —literatura sistema egituratzeke, alegia—, testuinguru denik eta prekarioenean. Urteen talaiatik, mirari txiki bat bezala ageri da. Eta funtsezkoa da, ez bakarrik Saizarbitoriaren geroko ibilbidea ulertu ahal izateko, baita literaturaren izaerari dagozkion zenbait auzi agertzen dituelako ere. Baina, batez ere, plazer literarioaren iturri delako. Muturreko apustua, ez esperimentalismo nahi hutsez, baizik eta esatekoak esan daitezkeen modu bakarrean esateko. Abaildura sakon bat kontatzeko.