Musika

Abdullah Ibrahim pianista hegoafrikarra hil da, apartheidaren aurkako ikurra eta jazzaren ikonoa

91 urte zituela zendu da, Alemanian. 1974an sortutako ‘Mannenberg’ pieza apartheidaren aurkako ereserki eta askatasunaren aldeko mugimenduaren sinbolo bihurtu zen. Ibrahim hainbatetan izan zen Euskal Herrian.

Abdullah Ibrahim pianista 2023an, Donostiako Jazzaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Abdullah Ibrahim pianista 2023an, Donostiako Jazzaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne begiristain
2026ko ekainaren 16a
11:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jazzaren historiako figura handienetako bat izan da Abdullah Ibrahim piano jole eta konpositorea, eta Hegoafrikako askatasunaren aldeko soinu bandaren egile nagusietako bat. Haren musika apartheidaren aurkako erresistentziaren sinbolo bihurtu zen, belaunaldi oso baten itxaropen, zaurien eta askatasun nahiaren ikur. Pianista hegoafrikarra atzo hil zen, 91 urte zituela, Prien am Chiemseen (Alemania), haren familiak baieztatu duenez. «Jazzaren ikono globala, kultur aktibista eta askatasunaren defendatzailea izan zen, eta, musikaren bidez, Hegoafrikaren arima erakutsi zion munduari», adierazi du Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak haren heriotzaren berri izandakoan. 

Musikariak behin baino gehiagotan bisitatu zuen Euskal Herria. Urte askotan parte hartu zuen Donostiako Jazzaldian; azkenekoz, 2023an. Azken urteetan egin zituen emanaldiak ere oso goraipatuak izan ziren: adinak ez zion sormena apaldu, ezta presentzia artistikoa galarazi ere. 2024an kaleratu zuen azken lana, 3 izenekoa, 90 urte bete berritan.

Abdullah Ibrahim —Adolph Johannes Brand zuen benetako izena— 1934ko urriaren 9an jaio zen, Lurmutur Hiriko (Hegoafrika) Kensington langile auzoan. Ekonomikoki estu bizi zen haren familia, eta Ibrahimek musikan topatu zuen babesa: 7 urterekin hasi zen lehen konposizioak egiten. Gaztaroan, Lurmutur Hiriaren kutsu kosmopolitak —Afrikako erritmoek, elizetako gospel doinuek, Europako musika klasikoak eta Amerikatik iristen ziren jazz diskoek— arrasto sakona utzi zuen haren estiloan. 

1950eko hamarkadan, Dollar Brand izen artistikoarekin egin zen ezagun. Garai hartan, apartheida indarrean zegoen Hegoafrikan, eta arraza segregazioak kultur jarduera guztiak baldintzatzen zituen. Musikari beltzek ezin zuten nahieran jo, baina Ibrahim askatasun esparru bat sortzen saiatu zen jazzaren bidez.

1959an, Hegoafrikako jazz modernoaren historiako talde garrantzitsuenetako bat sortu zuen: Jazz Epistles. Talde hartan zeuden, besteak beste, Hugh Masekela tronpetista eta Kippie Moeketsi saxofoi jotzailea. 1960an kaleratutako Verse 1+ diskoa Hegoafrikan musikari beltzek grabatutako lehen jazz disko modernotzat hartzen da gaur egun.

Nazioartean ezagun

Ikusita apartheidaren presioa gero eta handiagoa zela eta musikari beltzek gero eta jazarpen handiagoa pairatzen zutela, erbesteratu egin zen. Lehenik Europara jo zuen, eta, Suitzako klub batean jotzen ari zela, Duke Ellington jazzaren mito handiak entzun zuen. Ellington txundituta geratu zen harekin, eta grabatzeko aukera eskaini zion. Horrek nazioarteko ate guztiak ireki zizkion.

1965ean New Yorkera joan zen, eta, han, jazz musikako izen handiekin lan egin zuen: John Coltrane, Max Roach, Don Cherry... 1968an, islamera konbertitu, eta Abdullah Ibrahim izena hartu zuen. Azaldu zuenez, espiritualtasunak erabat aldarazi zion musika ulertzeko modua, eta batasunaren eta harmoniaren bilaketa bihurtu zuen bere sormenaren ardatz.

Hala ere, haren izena betiko lotuta geratu zen 1974an sortutako obra bati: Mannenberg. Lurmutur Hiriko auzo segregatu baten izena jarri zion pieza hari, eta laster apartheidaren aurkako ereserki bihurtu zen. Haren melodia hipnotikoak eta erritmo errepikakorrek askapenaren sinbolo bihurtu zuten. Hegoafrikako kaleetan eta manifestazioetan entzuten zen, baita erbestean ere. Askoren arabera, ez dago Hegoafrikaren historia garaikidea ulertzerik Mannenberg entzun gabe.

Ibrahimen musika protestatik harago zihoan, halere. Haren obretan etengabe agertzen dira espiritualtasuna, meditazioa eta edertasunaren bilaketa. Jazzaren teknika ikusgarrien gainetik, emozioa eta sakontasuna lehenesten zituen. Horregatik, askok jazzaren poeta edo mistikoa deitu izan diote. 

1990ean, Nelson Mandela kartzelatik atera zenean, Hegoafrikara itzultzera gonbidatu zuen Ibrahim. Lau urte geroago, musikariak pianoa jo zuen Mandelak presidente kargua hartu zueneko ekitaldi historikoan; ordu hartan, irudi sinboliko bakarrean elkartu ziren askapenaren aldeko urteetako borroka eta haren musika.  

Bere ibilbidean 70 album baino gehiago grabatu zituen, eta, jazzaz gain, balleta, opera eta zinemarako musika ere sortu zuen. Azken urteetan Alemaniako Bavaria eskualdean bizi bazen ere, inoiz ez zuen eten Hegoafrikarekin zuen lotura. Marina Umari haren bikotekidearen hitzetan, «Hegoafrika bihotzean zuela» hil da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE