Sona handiko musikariak ariko dira Donostiako 58. Jazzaldian. Antolatzaileek 90 kontzertu biltzen dituen egitaraua prestatu dute, eta uztailaren 21etik 25era gauzatuko da. Tartean izango dira Donostiako Jazzaldia sariak jasoko dituzten hiru musikarien emanaldiak: Abdulah Ibrahim, Enrico Rava eta Yosuke Yamashita sarituko dituzte aurten, osatu duten ibilbidearen aitortza gisa.
Bost aldiz jo du Ibrahimek festibalean, eta, antolatzaileek esan dutenez, «jazzaren historia bizia da, Hegoafrikako musikarien belaunaldi bikain baten sinboloa». Rava, berriz, Italiako jazz musikaririk ezagunenetakoa da. Tronpetista eta konpositorea da, 1960ko urteetan lortu zuen ospea nazioartean, eta 60 urteko ibilbidea egin ondotik, «musikaririk aktibo eta urdurienetakoa da oraindik». Yamashita, azkenik, Japoniako jazzaren historiako «figura gailenetako bat» da, antolatzaileen hitzetan, eta besteak beste hari esker izan da urteetan Japonia munduan jazz zaletasun handiena duten herrialdeetako bat.
Jazzaldiak hamasei agertokitan banatuko ditu kontzertuak: Trinitate plazan, Zurriola hondartzan, Kursaaleko auditoriumean eta kanpoaldeko terrazetan, Viktoria Eugenia antzokian, San Telmo museoan, Txillida Leku museoan (Hernani, Gipuzkoa) eta Tabakaleran, besteak beste. Emanaldietatik 60 doakoak izango dira; 25 tokiko taldeek egingo dituzte; bederatzi, XI. Txikijazz programan bildu dituzte; eta beste zortzi, IX. JazzEñerenean.
Izen ezagunak eta berriak
Jaialdiak aurrez iragarritako artisten artean daude, hiru sarituak ez ezik, Norah Jones, Ben Harper, Joss Stone, Pat Metheny, Village People, Kenny Barron, Bill Frisell, Tiken Jah Fakoly, Fred Wesley & The New J.B.'s, Jerry Bergonzi, Eri Yamamoto, Bamba Wassoulou Groove, eta Michele Hendricks & Ronald Baker Project ere.
«Datozen urteetan jazzaren ibilbidea definituko duten artista berriak» ere eraman dituzte antolatzaileek aurtengo programaziora, hala nola Julian Lage, Nubya Garcia, David Helbock, Blue Lab Beats, Ezra Collective, Ill Considered, The Side Effects, Five Stars, Conversessions eta Bengue.
Eta, urtero bezala, bestelako estilo eta proposamenak ere izango dira entzungai jaialdiaren barruan: besteak beste, Viva Suecia, Zetak, Arde Bogota, Elena Setien, Rocio Marquez & Bronquio, Niño Josele, NGBM Cuarteto, Gonzalo del Val, Arima Soul, Lucia Rey, Kinkfolk, Olana Liss eta Amaika Rude.
Horiei guztiei, uztailaren 20an, Euskorleans proiektua gehituko zaie: euskal musika eta dantza, brass bandak eta New Orleanseko jazza uztartzen ditu, eta jaialdiaren etorrera iragartzeko balioko du.
Abdullah Ibrahim, Yosuke Yamashita eta Enrico Rava sarituko ditu 58. Jazzaldiak
Donostiako jaialdia uztailaren 21etik 25era egingo dute aurten. Guztira, 90 kontzertu antolatu dituzte, horietatik 60 doan, hamasei agertokitan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu