Donostiako 86. Musika Hamabostaldiko ziklo batzuk dagoeneko amaitu dira, baina bada beste bat abian: Interprete Gazteen Zikloa. Ziklo horrek esparru bat eskaintzen die Musikeneko gazteei euren lanak aurkezteko. Lehen saioa Xabier Boixet pianistak emana da, eta ostiralera arte egongo da aukera zikloko kontzertuak aditzeko, Miramarren.
Musikeneko Jesus Etxeberria irakasleak adierazi du pozgarria dela urtetik urtera ikasleen presentzia handiagoa izatea jaialdian, eta aipatu du aniztasuna dela aurtengo programaren ezaugarri nagusia. Izan ere, musika klasiko eta erromantikotik hasi, eta tangoak eta abangoardietako errepertorioak ere interpretatuko dituzte ikasleek. «Oso entretenigarria izango da», gaineratu du. Zikloan parte hartuko duten ikasleak hautatzeko prozesua «luzea» izaten dela ere aipatu du: «Zenbait hilabetetako lana da emanaldiak aukeratzea. Ikasleek euren proposamenak sortu, eta epaimahai baten aurrean defendatzen dituzte». Xurxo Morales saxofoi joleak adierazi du irakasleak azaldutako prozesu hori motibagarria dela ikasleentzat.
«Amerikako musikaren ñabardura guztiak transmititu nahi ditugu: ez soilik jazzarenak, Latinoamerikako folklorearenak ere bai»
DAVID BERENGUERMusikeneko ikaslea
Maider Oiarbide jaialdiko komunikazio arduradunak azaldu du ikastegiak eta jaialdiak badutela ikasleen emanaldiez bestelako harremanik ere: «Musikeneko ikasleak arduratzen dira Viktoria Eugeniako eta Kursaaleko auditoriumeko zikloetako emanaldien oharrak egiteaz ere».
Aurtengo zikloa bost emanaldik osatuko dute. Horietarik bi bakarlariek interpretatuko dituzte, eta gainontzeko hirurak taldean egingo dituzte.
Atzo, Xabier Boixet aritu zen pianoarekin, bakarlari. Instrumentu horrekin interprete gisa zein aldakorra izan daitekeen erakutsi zuen taularatutako errepertorioaren bidez. Historiako pianistarik entzutetsuenen piezen bitartez, hainbat garaitako musika jarri zuen entzungai.
Gaur, berriz, Oxygen Quartet taldea arituko da. Errepertorio klasiko baten alde egingo du lau saxofonistaz osatutako talde horrek —saxofoi altua, baritonoa, sopranoa eta tenorra—. Morales taldekideak azaldu duenez, «programa hunkigarria» hautatu dute.
«[Ostiraleko Trio Skalaren emanaldian] agian piezak ezagunak egingo zaizkio publikoari, baina aurretik ikusi gabeko kolore bat izango dute»
JESUS ETXEBERRIAMusikeneko irakaslea
Bihar, Piazzokene Quintet-en txanda izango da. Biolina, kontrabaxua, gitarra elektrikoa, eskusoinua eta pianoa joko dituzte taldekideek, eta berritasun bat ekarriko diote jaialdiari. Izan ere, instrumentu horiek uztartzean, tinbrika akustikoak eta elektrikoak nahastea lortzen dute. Taldearen izenak aditzera ematen duen moduan, Astor Piazzollaren eta Musikeneren arteko uztarketa bat taularatuko dute, nolabait. Hain justu, tango maisuaren inguruko programa bat proposatuko dute ikasleek. Hala musika klasikoaren eta modernoaren nola musika herrikoiaren eta akademikoaren arteko lotura egiteko heldu dio taldeak genero horri.
Ostegunean, David Berenguer arituko da klarinetean, Amaia Zipitria piano jolea lagun duela. XX. mendeko Amerikako errepertorioa joko duela aurreratu du. «Amerikako musikaren ñabardura guztiak transmititu nahi ditugu: ez soilik jazzarenak, Latinoamerikako folklorearenak ere bai», adierazi du musikariak.
Trio Skalak emango dio amaiera zikloari, ostiralean. Emanaldi horretan flauta, fagota eta pianoa izango dira protagonistak. Harizko instrumentuetarako sortutako musika joko dute. Musikeneko irakaslearen arabera, halako musika ardatz duten errezitaletan ezohikoa den zerbait topatuko dute entzuleek: «Agian piezak ezagunak egingo zaizkio publikoari, baina aurretik ikusi gabeko kolore bat izango dute».
Interprete gazteen zikloa
- Abuztuaren 19an. Oxygen Quartet: saxofoi laukotea.
- Abuztuaren 20an. Piazzokene Quintet: biolina, kontrabaxua, gitarra elektrikoa, eskusoinua eta pianoa.
- Abuztuaren 21ean. David Berenguer (klarinetea) eta Amaia Zipitria (pianoa).
- Abuztuaren 22an. Trio Skala: flauta, fagota eta pianoa.